«Dokumentazio lan handia eta denbora eskatu dit eleberriak»
'Haize-lekuak' lana aurkeztu du idazle idiazabaldarrak. Bere lehenengo eleberria izan da. 1936ko gerran Altsasura neskame doan emakume baten bizipenak kontatzen ditu, amonaren oroitzapenetan oinarrituta.
Zure lehen eleberria argitaratu duzu: Haize lekuak. Nolakoa izan da prozesua?
Kasu honetan luzea izan da. Alde batetik, testuinguruan kokatzeko dokumentazio lan handia eskatu dit, eta denbora behar izan dut testuinguru hori ezagutzeko. Gero nire istorioa sortu behar izan dut, eta ondoren errebisio lana egin dut.
Beraz, esango nuke luzea izan dela denboran, baina balio izan dit aldi berean asko ikasteko. Aberasgarria izan da niretzat, nik behintzat asko disfrutatu dudan prozesua izan da.
Amonaren oroitzapenetan oinarritutako lana da, ezta? Ideia horrekin ekin zenion ala aurrera egin ahala sortu da?
Abiapuntu bezala, bai. Amona neskame bezala izan zen Altsasun 1936ko gerra garaian eta testuinguru interesgarria iruditu zitzaidan. Hortik abiatu nintzen, eta gero noski fikzioa sartu diot baita ere, baina amonaren gazte garaiko gertakizunak hartuta.
Amonarekin ikusi nuen zer nolako bizimodua izan duen eta zer bizipen izan dituen. Hortik jakin mina sartu zitzaidan eta gogoa sartu zitzaidan gure arbasoek bizi izan zuten hori kontatzeko. Hortik abiatu nintzen, gure gertuko istorio zati hori kontatzeko, edo hor gertatzen zen istorio bat behintzat.
1936ko gerran kokatzen da, baina ez da gerrari buruzko eleberria. Zer garrantzia du momentu historikoak eleberrian?
Garrantzia handia du. Azkenean, Mikela protagonista Altsasura joango da eta herria gerrak oso ukituta daukan momentu batean aurkituko du. Hango bizimodua eta pertsonak gerrak baldintzatuta biziko dira. Egia da gerra ez dela gai nagusia izango, baizik eszenatoki moduko bat non pertsonaiek aurrera egiten arituko diren, baina gerrak denak zipriztinduko ditu.
Beraz, gerra oso gertutik ikusiko da momentu askotan.
Zer sortu duzu eta zertan oinarritu zara? Hau da, zer da fikzioa eta zer errealitatea?
Beno, bada azkenean errealitatean egin dudana izan da amonaren testuingurua hartu, bere bizipen bat. Baina pertsonaiak eta gertakizunak fikziozkoak sartu ditut. Egia da gertakizun batzuk amonari gertatutakoak izan daitezkeela, pixka bat eraldatuta. Bien arteko lotura izan da, fikzioaren bitartez errealitate hori transformatzea.
Nik nahi nuen forma eman diot gertakizun horietatik abiatuta. Pertsonaiak fikzionatu ditut azken batean benetako herri batean ari naizelako eta ez delako batere erraza. Arriskutsua izan daiteke benetako pertsona eta lekuekin kontatzea.
Alde batetik, esan bezala, testuinguruan kokatzen lagundu dit amonak: ohiturak, hitz egiteko modua ere bai. Adibidez, hizkuntza erabili dut amonak erabiltzen duen hizkuntza horretan oinarrituta. Goierriko testuinguruko hizkera ikusten da eleberrian, garai hartako hitzekin uztartuta dosi txikietan. Ez da ulertzen ez den zerbait, baina haiek erabiltzen dituzten hitzak sartu ditut konturatu naizelako hizkuntzarekin jolasteko izugarrizko ahalmena dutela. Hori ere islatu nahi izan dut.
Ekainaren 15ean aurkeztu zenuen lana, Donostian, eta internet bidez ere zabaldu zuten. Nola gogoratzen duzu aurkezpen egun hori?
ilusio handiko eguna izan zen, emozioz betetakoa. Azkenean, zure lanaren fruituak ikusten hasten zaren eguna da nolabait. Koronabirusa dela eta, berezitasun honekin nire inguruko jende askok izan zuen telelana zela eta aurkezpenera joateko aukera, eta orduan berezia izan zen nire ingurukoak bertan egon zirelako animoak ematen.
Berotasun handiko eguna izan zen eta ilusio eta poztasun handikoa ere bai.
Zenbat denbora eman zenuen guztira eleberria ontzen?
Kontuan izanik ez naizela honetara bakarrik egon, pare bat urte edo urte eta erdi bai.
Koronabirusak eraginik izan al du zure lanean? Atzerapenik izan al duzu osasun larrialdia dela eta?
Pixka bat bai. Maiatza aldean aurkezteko asmoa genuen, baina kate bat da azken finean; beste liburu batzuk ere bazeuden aurretik, martxoan eta apirilean ateratzekoak zirenak, eta horiei eman zaie lehentasuna. Orduan zertxobait atzeratu da, asko ez, baina eraginik izan du bai.
Alberdania argitaletxearekin argitaratu duzu. Nolakoa izan da elkarlan hori?
Oso positiboa nire kasuan. Lehenengo lana izanik ez nekien nola izango zen, eta ikusi dut kontuan hartu nautela erabakiak hartzerakoan. Elkarrekin erabaki ditugulako eleberriaren inguruko gauza gehienak. Asko ikasi dut eta ikusi dut nik nahi nuena ere bazihoala norabait.
Elkarrekin egindakoa izan da eta oso gustura egon naiz elkarlan horrekin.
Zure lehen eleberria den arren, aurretik ere lanik egin duzu. Noiz hasi zinen idazten?
Beti gustatu izan zait ume-umetatik. Halere, utzita eduki nuen denboratxo batez. Orain dela lau bat urte edo idazle eskola deskubritu nuen, Bergarako idazle eskola, eta berriz jakin-nahia sartu zitzaidan. Horren ondorioz maiztasun gehiagorekin hasi nintzen idazten.
Literatura genero gustukoenik ba al duzu?
Irakurtzeko eleberria da gehien gustatzen zaidana, eta idazteko ipuina edo eleberria. Nobela bat idazteak lan handia dauka baina gustura egin dudan zerbait izan da.
Orain formatu elektronikoak indarra hartu du. Zu idazlea izanda nola ikusten duzu liburuen mundu hori? Orain ia dena Internet bidez egiten dugu.
Nik uste dut egia dela ebook eta antzekoek garrantzia eta indar handia hartu dutela, baina irakurzaleak direnek nik uste gustuko dutela liburu fisikoa. Niri, adibidez, irakurle bezala liburu baten orriak ukitu eta manipulatzeak xarma duela iruditzen zait, nahiz eta formatu digitalak oso erosoak diren. Nik uste dut literatura mundua eta euskara den testuinguru txiki hau bereziki zaila dela, baina ez nuke esango arrazoia formatu digitalen hazkundea denik. Irakurtzeko gogoa duenak liburu fisikoa estimatzen duela uste dut.
Epe laburrean proiekturik baduzu eskuartean?
Bai. Egia da azkenean prozesu luzea izan dela lehenengo eleberri honena, eta lan batzuek beste batzuek baino denbora gehiago hartzen dutela. Argitaletxearen zuzenketen zain egon naizen tarte horretan aprobetxatu dut beste proiektu batzuei ekiteko.
Baditut pare bat gauza eginda, eta zain nago ea zer erantzun jasotzen dudan.
Idazle lana beste lan batzuekin uztartzen al duzu?
Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz momentu honetan. Oso zaila da horretara dedikatzea. Azkenean kontuan izan behar dugu zenbat jendek irakurtzen duen eta nire kasuan bereziki euskaraz zenbat jendek irakurtzen duen. Liburua erosten deneko diru hori ez da idazlearentzako. Hor tartean badaude azala diseinatu dutenak, editorea, liburu denda, inprenta, zuzentzailea… Idazleak jasotzen duena oso kopuru txikia da. Ikaragarri saltzen baduzu, kantitate handitan, edo eskubideak erosten badizkizute zerbaitetarako… izan daiteke, baina nik ikusi dudanarekin oso zaila izan behar du.