«Festak ez du zentzurik ezin bagara elkartu, dantzatu...»
Mutiloako San Pedro jaiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Joxe Arotzena (Beasain, 1962) penatan dago, baina hartu beharreko neurri zela dio. «Erabaki zuzena da».
Mutiloako San Pedro jaiak zein egoeratan daude?
Bertan behera gelditu dira, bizi dugun egoera kontuan hartuta. Udaletxeak hartu zuen erabakia aurrena eta herri batzarrak berrestu zuen.
Erabaki erraza izan zen?
Ez zen erraza izan, baina denon ardura eta erantzukizunean oinarrituta hartu beharreko erabakia izan da. Erabaki zuzena izan da.
Herritarrek ulertu dute?
Sentimendu kontrajarriak daude: alde batetik, ‘sanpedroak’ ospatzeko grina eta gogoa dago; bestetik, egoerak arduraz jokatzea eskatzen du. Bigarrena nagusitu da.
Alferrikako lanik egin duzue?
Urtero egitarau antzekoa izaten da. Lanak badaude, zehaztapenetan sartzea, bereziki. Baina, hasieratik ikusten genuen egoera nola zetorren eta azkar ikusi genuen ezin izango zirela urteroko jaiak egin. Modu natural batean iritsi gara erabaki honetara.
Bateragarriak dira normaltasun berriak ekarritako segurtasun arauak eta festak?
Guk ezagutzen ditugun bezala ez. Festak ez du zentzurik ezin bagara elkartu, dantza egin, ukitu… Festetako sagardo dastaketa eta ondoren sortzen den giroa, Joselu Anaiaken dantzaldia, elkarren arteko harremanak… ez ditut imajinatzen bi metroko distantzia neurtuz.
Luzerako joko duela dirudi, ordea. Festak birplanteatu beharko dira?
Datorren urteko ‘sanpedroetarako’ urtebete gelditzen zaigu eta ikusi egin beharko da zein bilakaera hartzen duen gaiak. Halere, niri oso zaila iruditzen zait festak beste eredu batean imajinatzea. Behintzat, Mutiloa bezalako herri txiki batean.
Zein ekintza ez ospatzeak ematen dizu pena gehien? Baduzu festetako une kutunik?
Niri asko gustatzen zait festak zabaltzen dituen patata tortilla lehiaketa. Oso giro herrikoia egoten da. Udalak ardoa jartzen du eta herritarrek egindako tortillak banatu egiten dira. Egia da ostiraleko sagardo dastaketak jende gehiago erakartzen duela. Larunbatean afari herrikoia egoten da eta igandean, txakolin dastaketa, Gabiriako dantzarien erakusketa eta bolo eta herri kirol lehiaketak egoten dira. Pena? Ekitaldi guztiak dira desberdinak eta denek dute euren xarma.
Mutiloa geratu al da noizbait festarik gabe?
Nik dakidanez ez. Gerra garaiak pixka bat urruti geratzen dira eta, beharbada, orduan ez ziren ospatuko. Baina herriko zaharrenek ere diote ‘sanpedroak’ urtero egon direla. Sagardo dastaketa, adibidez, 28 urtez jarraian egin dugu eta patata tortilla lehiaketa 23 urtez.
Bestelakoan, nolako uda dator aurten Mutiloan?
Txerri azoka izango da hurrengo ekintza potoloa. Azaroko lehen igandean izaten da. Ikusteko dago zein egoera izango da orduan, adituek baitiote udazkenean gaixotasunaren beste berragertze bat egongo dela. Datorrenaren zain egon beharko dugu.
Mutiloako uda nolakoa izaten da?
Herri txikia izanik askotan kanpora joan beharra izaten dute pisuetan bizi diren familiek. Bereziki, haur txikiak dituztenek. Baserrietan bizi direnek opor garaia mugatua izaten dute eta herrian jarraitzen dute.
Turistak etortzen dira?
Geroz eta gehiago. Ostatua ere badugu eta etortzen da jendea egun batzuk igaro eta Goierriko inguruak ezagutzera. Kostaldea ere ez dago horren urrun.
Koronabirusak herrian nolako eragina izan du?
Kasu positibo batzuk agertu ziren. Gainerakoan, ostatuan bi hiru hilabetetarako dena hartuta zegoen eta erreserba horiek bertan behera gelditu dira. Berriro zabaldu denean nahiko ongi funtzionatzen hasi da, baina hori beraiek esan beharko dute.
Eta udaletxeko jarduna?
Ateak itxita egon dira baina herritarrei zerbitzua ematen jarraitu dugu. Lana areagotu egin zaigula esango nuke.