Lazkaoko kanpoko igerilekua bihar irekiko dute
Gehienez 300 lagunentzako muga jarri ditu, eta bazkideek izango dute lehentasuna. Urtean berriz, 60 lagun sartu ahalko dira igerileku handian, eta 10 txikian; denak sartzeko, 15 minutuko txandak egingo dituzte.
Lazkaon ere izango dute udan bainua hartzeko aukera, bihar zabalduko baitituzte igerileku estaligabeak. Gehienez 300 pertsona sartuko dira eremura, eta bazkideek lehentasuna izango dute hitzordua eskatzerakoan. Ekainaren 23an ireki zuten bazkide izateko izen emate epea.
Bazkide ez direnek, aldiz, egunean bertan egin beharko dute erreserba lekua badago. Udako igerilekuetako bazkidetza egiteko ere Lazkaon erroldatuta egotea beharrezkoa da, eta Lazkaoko Udalaren webgunean edo presentzialki egin daiteke. Udalak, halere, telematikoki egiteko gomendatu du segurtasuna bermatze aldera. Hitzordua eskatzeko ere udalaren webgunera jo behar dute erabiltzaileek. Hiru txandatan banatu dituzte erreserbak: goizekoa, eguerdikoa eta arratsaldekoa.
Gehienez 300 pertsona sartuko dira igerileku estaligabeen gunera, eta igerileku bakoitzaren edukiera ere mugatu dute: 60 lagun handian eta 10 txikian. Igerilekuko edukieraren arduraduna soroslea izango da.
15 minutuko txandak
Sarrera bakarra eta irteera bakarra izango dute igerilekuek. Sarrera eraikinaren aldean eta irteera Goñitarren etxe aldean igerileku handian, eta txikian betiko sarrera eta irteera San Jose auzo aldean. Denek bainua hartzeko aukera izan dezaten 15 minutuko txandak ezarri dituzte.
Langile bat jarriko dute berdegunean arauak betearazi eta edukiera kontrolatzeko. Partzeletan banatu dute zelaia.
Aldagelak itxita
Igerilekuetako aldagelak ezingo dituzte erabili lazkaotarrek. Igerilekuan bertan dauden dutxak bakarrik erabili ahal izango dituzte. Goiko eta beheko berdeguneen arteko txirristak ere ezingo dituzte erabili, eta igogailua eta komunak kasu berezietarako bakarrik izango dira. Azken horiek erabili ondoren bertan egongo den langileari adierazi behar zaio.
Bestalde, iturriak ezingo dira erabili eta jolasteko objekturik ere ez dute onartuko. Hamakak, berriz, onartuko dituzte, baina bertan hartzeko zerbitzurik ez dute eskainiko. Sarreran eskuak garbitu eta langile batek tenperatura hartuko dio bakoitzari.