Albiste asko... eta onak
Paula Garaialde eta Mareu Apalategik Nikolas Lekuonaren lanak sarean jartzeko asmoa azaldu zuten. Kantu bat egin zuten Euskal Girotze Barnetegien 20. urteurrena ospatzeko
Duela 15 urte ez zegoen koronabirusik, baina orduan ere ez zen albisterik falta. Gainera, garai hartako albisteetan ez ziren pandemia eta krisia bezalako hitz zatarrak aipatzen. 2005ko uztailaren 1eko GOIERRIKO HITZAn albiste garrantzitsu asko aurkitu ditzakegu… eta denak onak!
Ordizian, Paula Garaialdek eta Mareu Apalategik Nilolas Lekuona artistaren lanak sarean jartzeko egitasmoa aurkeztu zuten. Webgunea udalaren enkarguz egin zuten. Lekuona abangoardista eta erradikala izan zen. Jorge Oteizaren laguna izan zen eta Orioko eskultoreak ordiziarraren lana miresten zuen. Zoritxarrez, onena eman gabe hil zen: 1937an, gerran, frankismoaren aurka borrokatzen.
Seguran, berriz, Koldo Iparragirre trikitilariak eta Agustin Mujika Takolok Euskal Girotze Barnetegien 20. urteurreneko kanta aurkeztu zuten. Euskal Girotze Barnetegiak Eusko Jaurlaritzak sortu zituen, inguru erdalduna duten haurrei eskolatik kanpo euskaraz astebetean euskaraz bizitzeko aukera emateko. Barnetegietako bat Seguran dago.
Errotonda eta bidegorria
Urretxun ere ez zen albiste onik falta: Koldo Azpeitia Lurralde Antolamendurako diputatuak Ipeñarrietako errotondako obra bisitatu zuen eta hilabeteko epean amaituta egongo zela iragarri zuten. Urretxu-Zumarraga eta Legazpi lotzen dituen bidegorria ere amaitzear zela eman zuten ezagutzera.
Eta Zumarragako albisteei buruz zer esan… Zumarragar gehienak Santa Isabel jaiak ospatzen ari ziren bitartean, 50 lagun inguruko herritar talde bat Txinara bidaia prestatzen ari zen. 15 egun eman zituzten bertan eta toki eder asko ikusi zituzten. Duela 15 urte ere Txina mintzagai!