Begoña Pereira (PP): «Ez naiz baikorra eta hauteskunde hauetan ez dut miraririk espero»
Alderdi Popularraren Gipuzkoako zerrendan hamaikagarren postuan doa Begoña Pereira (Zumarraga, 1958). Karlos Iturgaitz hautagai ona dela dio, baina emaitzei dagokionean, ez da oso baikor ageri.
Noiz eta nolatan hasi zinen politikan?
1995ean. Ez nengoen batere ados ezker abertzalearen ideiekin eta borrokatzeko moduarekin eta horri aurre egitea erabaki nuen. Norbaitek eman behar du aurpegia. Batzuk egin izan ez bagenu, beharbada hemengo egoera ez zen aldatuko. Pertsona batek beste bat hiltzearen aurka nago. Eztabaidatu egin behar da. Baina oraindik iraintzen nauen jendea dago Urretxun eta Zumarragan. Nik errespetatzen baditut, zergatik ez naute errespetatzen? Eta beste edozein bezain euskal herritarra naiz, nahiz eta ez dudan euskaraz hitz egiten. Amak euskaraz hitz egiten zuen, baina ez zigun irakatsi. Ez dakit zergatik. Askotan leporatu genion.
Ze ibilbide osatu duzu politika munduan?
Urretxuko zinegotzia izan nintzen, bi agintalditan. Ondoren, Legazpin aurkeztu nintzen eta gutxigatik ez nuen zinegotzia izatea lortu. Lizartzan legealdi bat eman nuen (korporazioko kide guztiak PPkoak ginen) eta Zumarragan beste bat.
Oraingoan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkeztu zara. Ez da lehen aldia.
Oker ez banaiz, hirugarren aldia da. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako, berriz, ez naiz inoiz aurkeztu.
2001etik gaurdaino etengabe behera egin duzue. Zer espero duzu oraingoan?
Ez zait kinielak egitea gustatzen. Are gutxiago Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Ez naiz baikorra eta ez dut miraririk espero. Jainkoak zorte bana dezala.
Zuen hautagaia Karlos Iturgaitz da. Zenbaiten ustez, aspaldi eman zuen bere onena. Zer diozu zuk?
Nire ustez, oraindik asko du emateko. Izan ere, ibilbide oparoa du. Bertakoa da, Euskadi oso ondo ezagutzen du, eta Eurodiputatua ere izan da. Oso hautagai egokia da: ez dut uste bere garaia pasa denik. Hala balitz, beste asko ere lekuz kanpo leudeke.
Koronabirusak krisi larria eragin du. Zeintzuk dira zuen proposamenak krisiari aurre egiteko?
Ekonomia biziberritzeko eta enplegua sortzeko plan bat martxan jarri nahi dugu. Plan horretan instituzio guztiek parte hartuko dute eta 400 milioi euro izango ditu. Enpresen eta autonomoen finantziazioa bultzatuko dugu, krisian dauden enpresei aholkularitza eskainiko diegu, enpresen eta autonomoen garapen teknologikoa bultzatuko dugu, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan inbertituko dugu, zentro teknologikoak 45 urtetik gorako langabetuak egunean jartzeko erabiliko ditugu, autogintzari mugikortasun jasangarriaren beharretara moldatzen lagunduko diogu, Ekintzaileen Legea garatuko dugu Euskadi berriro punta-puntan egon dadin, aldi baterako erregulazioak luzatuko ditugu, autonomoek 50 euroko tarifa finkoa izango dute…
Eusko Jaurlaritzaren Osasun saileko arduradunen lana asko kritikatu duzue. Zuek zer egingo zenukete?
Ekintza plan bat diseinatuko dugu egun dugu bizi dugun egoera bezalakoetarako. Lehen mailako arreta indartuko dugu, langile gehiagorekin, besteak beste. Maskarak finantzatuko ditugu eta baliabideen inguruko azterketa egingo dugu, behar diren baliabideak izateko eta hauek behar bezala erabiltzeko. Bestalde, itxaron zerrenda murrizteko plana egingo dugu eta etxez-etxeko arreta indartuko dugu. Bukatzeko, adinekoen beharrei erantzuteko estrategia bat diseinatuko dugu.
Zer diozue erronka demografikoaz eta familiek dituzten beharrez?
Erronka demografikoari aurre egiteko estrategia martxan jarri nahi dugu. Horretaz gain, familiei lagundu nahi diegu: diru-laguntzak handitu (7 urte bete arte bi haur dituztenentzat eta 12 urte bete arte hiru edo gehiago dituztenentzat), 0-2 zikloa doan izatea nahi dugu, telelana bultzatu, ordutegiak moldatu eta diru-laguntzak eman kontziliazioa bultzatzeko, haurrak edo adinekoak zaintzeko langileak kontratatzen dituzten familiei zergak arindu…
Zure alderdiak etorkinez duen iritziak zeresan handia eman du. Zer diozu zuk?
Gaixotasun bat dut, ezin dut lan egin eta ez dut inongo laguntzarik jasotzen. Arrazista naizen galdetzen didate. Ez naiz arrazista. Bizitza oso gaizki dago guztiontzat, baina kanpokoei hemengoei baino gehiago laguntzen zaie. Laguntza eske joaten naizenean etxebizitza bat eta lokal bat dudala esaten didate. Noiztik lan egin behar izan dut horretarako? Zenbat lan? Nolako lanak? Hori ez zaio inori interesatzen. Alderdi batzuk etorkinak behar direla diote. Lanera etortzen badira, gu bere garaian hemendik joan ginen bezala, ongi etorriak izan daitezela. Baina asko ez dira lan egiteko asmoarekin etortzen eta laguntzak jasotzen dituzte. Zinegotzia nintzenean laguntzarik jasotzen ez zuen bertako jendeari laguntzen saiatu nintzen. Hori bai, hiru seme ditut eta ez ditut inon kolokatu.
Euskarari dagokionez, zer diozue?
Udalei herritarrengana euskara hutsean zuzentzea baimentzen dien araua bertan behera utziko dugu. Bestalde, administrazioan euskararen ezagutza maila zehazteko orduan, eskaria hartuko dugu kontuan eta ez euskaraz hitz egiten dakien jende kopurua. Izan ere, azken datu hau ez dator bat herrialde bakoitzeko errealitate linguistikoarekin. Bukatzeko, EITB hamar euskal herritarretik batentzat bakarrik da funtsezkoa eta urtero diru asko xahutzen du. EITBren inguruko auditoria egingo dugu, zerbitzu publiko independentea, plurala eta politizatu gabea izan dadin. EITB eraginkortasunez kudeatu nahi dugu, euskal herritar guztien zerbitzura egon dadin eta ez bakarrik abertzaleak direnen zerbitzura.