Herri txikietan, jendetza handia
Uda garai betean, aisialdirako eta erreketako mugimendua asko ugaldu da Goierri barruan, herri hazienetatik txikietarantz. Hondakin eta zirkulazio arazoak ere bai
Konfinamendua amaitu eta alarma egoera indargabe utzi zenetik, eskualde barruko jende mugimenduak asko ugaritu dira. Asteburuetan jende uholdea joaten da merendaleku eta egonlekuetara, zuhaiztien gerizpea eta erreka nahiz putzuen freskotasuna aurkitu nahian. Herri hazienetako asfaltotik eta metaketetatik ihesi, herri txikiagoetarako joera nagusitu da.
Ekainean zehar, Mutiloako merendalekua gainezka, Aramako parkea haurrez eta familiaz beteta, Ataungo eta Zaldibiako errekak bainulariz zipriztinduta, Lizarruztiko eta Larraizko aparkalekuak autokarabanaz lepo, Brinkola-Telleriarte aldeko ibai ertzak ezohiko bizitasunez beteta ikusi ahal izan dira. Gertukoa indartu du Covid-19aren ondorenak. Udalerri txiki horietan, ordea, bizitasunaz gain, arazo batzuk ere eragin ditu mugimenduak.
Aste egunetan, gaztetxoak dira bailara barruko joan-etorriak egiten dituztenak. Atzo arratsaldeko lehen orduan, etengabeak ziren Ordiziatik Zaldibiarako errepidean bizikletan zihoazen lagun taldeak. «Eguraldi ona denean, erreka inguruan batez ere, kanpotarren presentzia handia sumatzen da. Bizikletan Ordiziako eta Beasaingo gaztetxoak etortzen dira, gehien bat. Herrian bertan hasi, eta Arkakarainoko errekan egoten dira», azaldu du Zaldibiako alkate Eztitxu Mujikak.
Asteburuetan, berriz, helduen kuadrillak eta haur txikiak dituzten familiak dira bisitari usuenak. «Larraitz aldera mugimendua nabaritzen da, errepidean autoen joan-etorri handia».
Hainbeste jende dabilen lekuan, arazoak ere sortzen dira. «Beti izaten da arazoren bat. Gune batzuetan ez dugu nahi bainatzerik, presa pneumatikoa dagoen lekuan, adibidez. Arriskua dago», dio Mujikak. Jauzika eta murgilka zebiltzan gaztetxoak atzo arratsaldean, hantxe.
Baina aiseago eragotzi daitezkeen arazo gehiago ere badira: hondakinena, adibidez. Ataunen, seinaleak jarri ditu udalak, errekan bainatzeko aproposak diren guneak garbi mantentzeko saiakeran.
«Kartel batzuk jarri behar izan ditugu, jendeak zaborra jaso dezan. Gazte jendeak, eta hain gazteak ez direnek ere bai, zaborra ikaragarri sortzen du, eta gainera bertan uzten dute. Gutxienez, eraman dezatela bueltan. Arazo bat da, bai», azaldu du Ataungo alkate Martin Aramendik.
Errepidea, «bidegorri»
Bisitari multzoak eragiten duen beste eragozpen bat, ibilgailu pilaketarena da. «Bizikletek ez dute hainbesteko arazorik sortzen, baina autoekin bai. Bide hauek ez daude prestatuta hainbeste kotxe sartzeko, ez dago aparkaleku handirik. Bide ertzetan uzten ditu autoak jendeak, eta ezin buelta hartu, lanean ari direnei askotan enbarazu egin, pasabideak itxi… egiten dituzte», dio Zaldibiako alkateak.
Ataun, Lizarrustiko aparkalekuaren betekadaz gain, txirrinduzaleen txango-leku estimatu bihurtu da. «Batez ere asteburuetan. Bidegorri bihurtu da. Alde batetik, pozten naiz. Baina 30-40 laguneko tropelak askotan pasatzen dira, eta horrek eragozpenak sortzen ditu zirkulazioan», dio Ataungo alkateak.
Aurten, uda osoan espero dute herri txikiek barne turismoa.
Igerilekuak mugatu ondoren, erreketako bainulekuen bila jende gehiago
Giza jokabidean, ohituretan eta osasunean ez ezik, orain arte kezka iturri izan ez diren beste arlo batzuetan ere eragin du koronabirusak. Espazio naturaletan bainua hartzean, adibidez. Igerilekuen eta hondartzen edukiera murriztu duten honetan, jendeak beste bainuleku batzuk aurkitu ditu: errekak, putzuak edota urtegiak.
Beren-beregi debekatuta ez badago, «erabilera komuneko jarduera» da erreketan eta putzuetan bainua hartzea. Ez dago araudi zehatzik, eta bakoitzaren ardurapean gelditzen da bainua. Hutsune legala dago gune naturaletako urmaeletan. Goierrin, urtegietan eta erreketako presa inguruetan bainatzea debekatuta dago.
Dekretu edo arau berezituekin debekatu izan dute orokorki bainua hartzea. 2007an, adibidez, Gipuzkoako Diputazioak bainua, arrantza eta ontziekin ibiltzea debekatu zuen herrialdeko urtegi eta erreketan, zebra-muskuilua agertu zenean, haren zabalkundea eragozteko. Bestela, errekak «linbo juridikoan» daude, bainuari dagokionez.
Bainu leku izendaturik ez
Bainatzeko toki gisa izendatuta dauden lekuetan araudia bete beharra dago, bai jendearen irispide eta baldintzei dagozkienak, bai uraren kalitatearen neurketa eta bandera-adierazpenari dagozkionak. Ekipamendu eta zerbitzu batzuk eduki behar dituzte, baita garbitasuna eta zaintza ere. Horrez gain, Covid-19aren gaian ezarritako neurriak bete beharra dago, bai edukierari dagokionez, bai pertsonen arteko urruntze eta babes neurriena.
Halako deiturarik ez duten lekuetan, ordea, jende pilaketa da arazo larriena, Covid-19 birusa hedatzeko garaiotan. Ur gezatan, SARS-CoV-2 birusak infekzio-iturri izaten jarraitzen du denboraldi batean, uraren tenperaturaren arabera. 23 graduan, 10 egun iraun dezake; hotzagoa denean, denbora gehiago, eta ur geldoetan, luzeago. Uretan, hala ere, birusaren eragina ez dute kezkagarritzat jotzen