Kiroldegiko eskalada horma, termak eta txirrista zabalik daude gaurtik
Beasaingo Antzizar kiroldegian gaurtik aurrera erabilgarri daude bainuetxeko termak, eskaladako horma eta igerilekuko txirristra.
Antzizar kiroldegiko bainuetxe termak, eskalada murrua eta igerilekuko txirrista erabilgarri daude gaurtik aurrera. Gune bakoitzak edukiera mugatua izango du eta aurrez hitzordua eskatu beharko da. Termen kasuan, edukiera hamasei lagunekoa da. Hamar sauna eta dutxa eremuan eta sei hidroterapia igerilekuan. Gehienez, ordubeteko egonaldiak egin ahalko dira.Eskalada horman, berriz, lau lagun ibili litezke batera, asko jota. Elkarren artean bi metroko distantzia mantendu beharko dute, baina musukoa ez da derrigorrezkoa. Igerilekuko txirristaren edukiera, azkenik, 32 lagunekoa da, igerilekuko berbera. Zerbitzu hauei duela bi aste zabaldutako zerbitzuak gehitu behar zaizkie, tartean kanpoko igerilekua.
EH Bildu, egokitzapen eske
EH Bilduk igerilekuko tarifak egokitzeko eskatu dio udalari. Eskaintzen den zerbitzuaren eta prezioaren arteko oreka «apurtu» egin dela diote. «Egoera honek eskatzen dituen protokolo guztiak aplikatu behar direla partekatzen dugu, baina tarifak ere eskaintzen den zerbitzuaren arabera egokitu behar dira». EH Bilduren ustez gaiak hiru adar ditu: herritarren segurtasuna, eskaintzen den zerbitzua eta prezioa. «Egoerak ahalmentzen duen zerbitzu seguruena, duinena eta justuena eskaini behar diegu herritarrei».