Krisi honetatik ateratzeko errezeta "gizarte kohesioa" dela azaldu du Urkulluk Zumarragan
EAJk kanpainako ekitaldia egin du Zumarragan, Iñigo Urkullu lehendakarigaia bertan dela. Bere alderdiak gidatutako gobernuaren "gizarte kontzientzia" nabarmendu du; "ez da murrizketa sozialik egon, ezta egongo ere".
EAJk hauteskunde kanpainako ekitaldia egin zuen atzo Zumarragako Euskadi plazan, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. Ekitaldian Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ere parte hartu dute. Ikusleen artean Markel Olano diputatu nagusia, Joseba Egibar GBBko presidentea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Arantxa Tapia sailburua eta inguruko herrietako hainbat alkate eta zinegotzi egon dira, besteak beste.
Urkulluk koronabirusak eragindako ekonomia krisia izan zuen hizpide nagusi. Krisi horretatik atera nahi bada “desberdintasunak areagotu beharrean, murriztu egingo dituen ereduarekin” egin behar dela azaldu du, eta bide horretan, “gizarte kohesioa da aurrera egiteko bermea, inor atzean utzi gabe”.
Gidatzen duen alderdiak agertu duen “gizarte kontzientzia” ere nabarmendu du Urkulluk: “Aurrekontu bakoitzean, orain arte onartu diren zazpi Aurrekontuetan, Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Babeseko gastua handitu dugu. Hemen ez da murrizketarik egin: inbertsioa eta gastu arduratsua egin da. Baliabide publikoak handitu ditugu, horixe izan da gure lehentasuna. Ez da murrizketa sozialik egon, ezta egongo ere”.
Ekitaldiko argazkiak ikusgai daude Otamotz atarian.