Olano tabernaren aldarean egin diote tokia
Ordizia-Txindoki-Ordizia erronka islatzen duen koadroa zintzilikatu dute Olano tabernan. Juan Jose Rezolaren senideak, Iñaki Maiora eta Aritz Egea egon ziren Emaneurrek antolatutako ekitaldian.
Urtebete pasa da Aritz Egea urretxuarrak, bizikletan eta korrikan, Ordizia-Txindoki-Ordizia proban, Iñaki Maiora ormaiztegiarrak 1978ko irailaren 24an egindako denbora ondu zuenetik, Emaneurre taldeak antolatutako ekitaldian. Kirol ikuskizun ederra izan zen, zaleen gozamenerako, eta jendetza asko bildu zen, bai Ordiziako helmugan, baita ibilbidean zehar, eta gainera, mendi korrikalariak, 86 minutu eta 9 segundotan jarri zuen marka, Maioraren denbora, bederatzi segundoan onduz.
Maiora, baina, ez zen lehena izan erronka burutzen, 1953an, Juan Jose Rezolak ezarri baitzuen marka. Ordiziako Olano tabernan egon da orain arte, aurreko erronka islatzen zuen koadroa. Orain, Egeak 2019ko uztailaren 6an ezarri zuen markaren koadro berritua zintzilikatu dute.
Astelehenean, Ordiziako Olano tabernan egin zuen hitzordua Emaneurre taldeak. Gonbidatuak, Aritz Egea, Iñaki Maiora, Juan Jose Rezolaren senideak eta udal ordezkariak. Emaneurreko lehendakariak «eskerrak» eman zizkien bertaratu ziren guztie, ekitaldi xumea izanda ere. Protagonista nagusiei argazkiak atera zizkieten segidan, etorkizunerako oroitzapena gera dadin, eta opari bana eman zieten, hiru erronketako argazkiekin eta datuekin osatuta.
Urtebete eta gero, guztiak elkartzea «atsegina» izan zen Aritz Egearentzat, eta «garbi geratzen da, hau ez dela errekor gauza bat bakarrik, beste zerbait da, Ordizian garrantzia handia duen proba da». Maiorarekin eta Rezolaren senideekin hitz egiteko tartea ere izan zuen, «iazkoa gogoratzeko».
Bestalde, kontatu du, «kirol asko egiten» ari dela, «lehen baino gehiago, nekatuta egoteari garrantzia eman gabe». Izan ere, «momentuz ez dago lasterketarik, irailera begira akaso, baina panorama nola dagoen ikusita, nire zalantzak ditut». Lasterketen faltan, «errekor txikiren bat» egitera animatu litekeela «baina ezer garbirik ez».