Turismorako app berria
Udalbiltzak Lurgida app turistikoa sortu du. Goierriko zortzi herriri buruzko informazioa bildu dute bertan. Ondarearen inguruko proposamenak eta ibilbide aukerak daude eskuragarri
Udalbiltzak, Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak, Lurgida izeneko aplikazioa sortu berri du. Euskal Herriko turismo guneak ezagutzeko aukera ematen du app-ak, eta Android eta iOS gailuentzat dago eskuragarri. Barne zein kanpo bisitarientzat izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errigorak, Euskarazko Wikipediak, EHKOk eta Idokik ere hartu dute parte egitasmoan.
Webgunean ere badago aukera bilaketa egiteko. Lau hizkuntzatan garatu dute proiektua: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak eta Lamia Arcas batzorde eragileko kideak aurkeztu zuten aplikazioa ekainean. Turismo jasangarriago bat bultzatzea da asmoa, lurraldearekiko errespetuan oinarritua.Tokiko ekonomia sustatzeko erreminta ere izan daiteke Lurgida. Euskal Herrian egin daitezkeen hainbat planetarako proposamenak eskaintzen ditu, inguruko ondare immateriala eta historiari ere erreparatuta. Beraz, kontsumoa ere bertan egiteko deia egin dute.
Interes guneak, historia, ohiturak, jaiak… denetarik aurki daiteke aplikazioan.
Goierriko proposamenak
Goierriko hainbat herrik hartu dute parte ekimenean. Udalbiltzako partzuergo kideak dira Ezkioko, Zeraingo, Segurako, Itsasondoko, Zaldibiako eta Ataungo udalak. Guztiak agertzen dira Lurgidan. Horiez gain, Ordiziari eta Legorretari buruzko informazioa ere aurki daiteke. Ibilbideetako bati Aralarretik Kostara izena eman diote. Proposamena zera da: 44 kilometro bost etapatan banatuta, Lizarrustitik hasi eta Aizarneraino (Zestoa).
Bestalde, furgonetak eta autokarabanak onartzen dituzten etxaldeen zerrenda ere argitaratu dute. Aurrerantzean informazioa zabalduko dute, eta agenda atala ere jasotzea aurreikusi dute. Lehenengo sektorearen inguruan sentsibilizatzeko eta gehiago jakiteko parada ere bada Lurgida app berria.