Udalbatzak aho batez onartu ditu itxialdiko kalteak leuntzeko laguntzak
Eguneko puntu guztiak aho batez onartu zituzten euskara ikasteko diru laguntzena izan ezik. EH Bilduko Aitor Urdangarinek zinegotzi kargua hartu du zin egin eta gero
Beasaingo Udaleko Osoko Bilkurak aurrez aurreko estilora itzuli dira, baina ez aurreko itxurarekin. Mahaiaren inguruan soilik alderdi politikoetako bozeramaileak zeuden, eta gainerako zinegotziak bilera gelan sakabanatuta. Gelaren edukiera 23 lagunetara mugatu dutenez ia ez dago herritarrentzako lekurik.
Arlo politikoan bilkura arina eta azkarra izan zen. Ordubetearen azpitik amaitu zuten, doi-doi. Labur esanda, eztabaida handirik ez zelako egon: gai zerrendako puntu guztiak aho batez onartu zituzten euskaltegietan euskara ikasten ari diren herritarrei diru laguntzak emateko oinarriak izan ezik. EH Bilduk aurka bozkatu zuen «helburua ez dagoelako ongi definituta». Nerea Manzisidor bozeramailearen hitzetan, helburuak euskal hiztunak lortzea izan beharko luke tituluak lortzea baino. Gainera, ikastaroen erabateko doakotasuna lortzeko diru laguntzak handitzeko eskatu zuten. Onartutako baldintzen arabera, langabetuei matrikularen %100a ordainduko die administrazio publikoak eta gainerakoei %50aren eta %75aren bitartean. «Dirua ez da arazoa euskara ikasteko», erantzun zuen Aitor Aldasoro alkateak.
Covid-19ak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko diru laguntzak ere onartu ziren. Zehazki, negozioak itxi edo jarduera murriztua izan duten ostalaritzako, merkataritzako eta zerbitzu sektoreetako titularrei zuzendutako laguntzak. 2020ko bigarren seihilabetekoari dagozkion zaborretako eta terrazetako tasak ez dituzte ordaindu behar izango eta lokalaren Ibiagatik ordaindutako zergaren %30a itzultzeko hobariak martxan jarriko ditu udalak.
Urdangarinek zin egin zuen
Pandemiaren kudeaketa politikoaz ere jardun zuten hautetsiek. Aurreko osoko bilkuretan EH Bilduk Aldasorori kargu hartu dio erabakiak elkarlanean hartzeko krisi mahai bat sortu ez izanagatik. Honek, «ikasteko bada ere» Azpeitiara, Zizurkilera eta Zumaiara jo duela esan zuen eta ateratako ondorioa «estetikatik asko eta muinetik gutxi» dela esan zuen. «Guk ditugun baliabideak erabili ditugu. Oposizioak egindako proposamenak aintzat hartu ditugu eta hartutako erabaki guztiak partekatu ditugu», gaineratu zuen.
Estilo kontua dela esan zuen: «Gobernu bakoitzak bere estiloa du. Eta oposizio bakoitzak berea», aipatu zuen. «Zizurkilen oposizioak erabaki zuen politika egiteko ez dela erabiliko. Hemen, nik uste, ez dela berdin jokatu», atsekabetu zen. Mikel Olano EH Bilduko zinegotziak galdera eginez erantzun zion: «EAJko zinegotziek egin duzuen dohaintza ez al da politika?». PSE-EEko Alvarez eta Redondo ordezkariak ez ziren ika mikan sartu. Aitor Urdangarinek zinegotzi kargua hartu zuen, «legeak hala behartuta» zin egin ostean. Urdangarinek Maddi Imazen tokia beteko du, honek dimisioa aurkeztu baitzuen Loinatz Jaietako gertakarien harira.