«Garai bateko indarrik ez dute Aiako festek, baina piztu egin dira»
Hamasei urte zituenetik lehen aldiz, Aiako Santa Ixabel festak antolatu ezinean geratu da Migel Mari Jauregi (Ataun, 1958). Soldadu joan behar zutenek zuten orduan ardura, tailatutakoan.
Aian festarik ez dago aurten?
Ez dugu ezer egingo. Hitz egin genuen antolatzen ibiltzen garen taldekoek, baina ahaztu beharra dago aurten.
Gaur, Santa Ixabel eguna. Nola ospatuko duzu?
Nik, etxe aldetik: eguneroko lanak egiten, baratzean, eta holaxe. Ez daukagu ezer berezirik egiteko asmorik. Etxean bazkaria egingo genuela esan genuen, baina ama ere patal samar, eta ezezko kontua azkenean. Ezer ez dugu ospatuko. Antolatzen ibiltzen garen beste lagunek ere ez dut uste ezer egingo dugunik.
Gazteek ez al dute ezer prestatu?
Larunbaterako bazkariaren bat egin nahi dute. Ez Aiako gazteek bakarrik, Ataun guztikoek, mordoxka bat. Lekuarena da arazoa, eta ez dakite seguru Aian egingo duten ere. 45-50 bat elkartuko direla zioten, eta normalean 50 sartzen dira Aiako soziedadean. Oraingo neurriekin erdiak kabitzen dira. Gehiago baldin bada, denak sartzea ezinezkoa da.
Indarrean daude gazteak.
Normalena gazteek festarako irrika edukitzea da. Gainera, gaur egun Aiarako joera ere badute. Tarteka, urteko beste garai batzuetan ere egiten dituzte bazkariak eta festak hemen. Aia leku lasaia da, eta horregatik den edo zergatik ez dakit, baina gehiagotan ere elkartzen dira herriko gazteak.
Aiako festak indarra hartuta zeuden, bada, berriz, ezta?
Gu gazteak gineneko indarrik ez dute, gutxiagorik ere ez. Baina azken lau-bost urteetan pixka bat piztu egin da, bai. Bertako gazteen batasun gehiago dagoelako edo, larunbatean afaria egiten dute, eta mugimendua sortze du horrek. Askoz jaitsiago, motelago egon dira Aiako festak, egia esateko. Urte okerragoak izan ziren orain dela 15 urtetik bost-bat artekoak. Beste auzoetakoek ere ez zuten joerarik etortzeko, eta galdu egin zen. Baina azkeneko 5-6 urteotan gehiago elkartzen dira, eta joera gehiago dago etortzeko. Ostiralean eta larunbatean, azken hiru-lau urtean, jende mordo bat ibili da.
Gazteekin batera, musika taldeek ere eragina badute?
Bai, dudarik ez dago. Iaz Huntzakoak etorri ziren; bi anaia ataundarrek jotzen dute, eta horiekin kristoren giroa jarri zen. Jende asko etorri zen. Larunbatean ere beste talde bat zen, eta asko bi egun horietan. Eguneko ekitaldietan ere, beno, hainbesteko jende pilarik ez da izaten, baina mugitzen da. Santixabel egunean, bertsolariak direla, bazkaria dela, eta bazkal ondoren egiten den toka, auzotarrak elkartzen gara.
Gaur falta sumatuko duzue, ezta?
Bai, noski. Beti gaurko egunez horra joaten ohituta gaude, eta faltako dugu. 16-17 urte nituenetik antolatzen ibili naiz, urtero. Soldadutzako urteren bat kenduta, beti hor ibili gara. Lehen, gainera, Aian behintzat ohitura zen bestetan ez dakit festak soldadutzarako tailatzen zirenek antolatzekoa. Soldadu joateko zirenek antolatzen zuten. Taila 18-19 urterekin izaten zen. Jakina, aurretik ere laguntzen ibiltzen zinen, baina antolatu, antolatu, tailatzen zirenek. Hala, ez zen inor libratzen, denak pasatzen ziren. Hori berehala bukatu zen; gure ondoren 4-5 urtean bazeuden gazteak soldadu joateko, baina gero jada ez, eta aurreko urteetakoek segitu genuen, urtero.
Zer talde zarete antolatzaile?
Gazte batzuk sartu dira, urtero. Normalean, 8-9 bat lagun elkartzen gara. Otsail-martxo aldean, presarik handienekoa musika-taldeak kontratatzea izaten denez, Aiora eta Gorane Urdangarin enkargatzen dira lortzeaz. Martxo bukaeran biltzen gara berriz, ea aurkitu duten inor, eta horrekin gainerakoa antolatzen hasten ginen: aurreko urteko programari begira beti, jarraipena emanez eta ondo ateratzen diren ekitaldiak mantenduz.
Aurten salbuespena da, baina datorren urtean segitzeko asmoarekin, ala?
Noski. Jada urte batzuk badauzkagu, baina bai. Zerbaitetan hor ibiliko naiz seguruenik, eta bagabiltza. 62 urte dauzkat, eta datorren urtean 63 beteta.
Taberna jartzen zenuten jaietan, egitaraua finantzatzeko.
Kontatuko dizut nola hasi zen. Nik 14-15 urte edukiko nituen, gu baino zahartxeagoak Nafarroara jaoten ziren, eta han zurrakapotea ikusten zuten. Guk taberna genuen orduan etxean [Kaxeta]. Zurrakapaotea egin beharko genukeela, eta gu segituan apuntatu. Ardoa barriketan edukitzen genuen, eta pare batean zurrakapotea egiten eta Aiako festetan saltzen hasi ginen. Orduan taberna bezala bat zegoen, lehenago eskola izandako udal lokalean, baserri batekoek jartzen zutena. Festetarako diruz justu ibiltzen ginen orduan, eta diru pixka bat ateratzeko hasi ginen. 10 bat urtean zurrakapotea egiten aritu ginen. Baina batean taberna eta bestean zurrakapotea, kristoren melokotoia harrapatzen zen. Gero, beste taberna bat muntatzea pentsatu genuen, geuk egindako barra, toldo eta egurrekin. 1982tik 2000ra arte eduki genuen. 20000n Haitzarri elkartea sortu zen. Jende asko ibiltzen zen, eta lan asko egiten zen. Festei laguntzen zitzaien.
Aiako festen garai indartsuenak zein izan ziren?
Jende aldetik, hasieran urtero izaten ziren fuerteak. Edozein talde ekarrita ere, jende pila elkartzen zen. 1974an Egan etorri zen; gero Klabelin Komik hiruzpalau urtean segidan, Minxoriak ere bai beste aldi batzuetan… Jende piloa izaten zen orduan, bai Aian eta bai beste herrietan. Jaien zain egoten zen jendea. Orain, astebururo nola egoten den zerbait, festetarako gosea apaldu egin ote den nago.