Ordiziako EAJk dio "parte-hartzeak nabarmen atzera" egin duela legealdi berrian
Ordiziako EAJren ustez, legealdiko lehen urtearen balorazioa "ez da nahi bezain ona". Udal gobernuari "informazio eta gardentasun falta" leporatu diote, baina eskua luzatu dute, "orain inoiz baino gehiago, batasuna beharrezkoa" baita.
Legealdiko aurreneko urtea bukatu berritan, Ordiziako EAJk balantzea egin du. Jeltzaleen arabera, “agintaldi hasiera hau ez da erraza izan, udal gobernuak herritarren eta oposizioko udal talde politikoen parte-hartzea alboratu” duelako. 2015-2019 agintaldian, beraiek gidatutako udal gobernua agintean egon zenean, “herritarrak udal politikan inplikatu” zituztela eta “esperientzia oso ona” izan zela azaldu dute. Orain, ordea, hondakinen mahaia edo mugikortasunarena “bertan behera utzi izanak pena handia” ematen diela diote, “parte-hartzean atzerapauso nabarmena” eman delako.
Jose Miguel Santamaria bozeramaile jeltzalearen hitzetan, “udaleko informazio batzordeak ez dira egiten araudiak markatzen dituen maiztasunarekin” eta salatu du “gardentasun eta informazio falta erabatekoa” dela; “askotan komunikabideetatik edo kaletik izaten dugu udal gobernuaren erabakien berri”. Oposizioa ere “udalaren parte” dela eta “ordiziarren parte handi bat” ordezkatzen dutela gogorarazi du, eta beraien “eskubideak bermatzeko eskatzen” jarraituko dutela; “udal gobernuak nahi ala ez, ordiziarren alde lanean eta ekarpenak egiten jarraituko dugu”.
Hondakinen eta mugikortasunaren mahaiaz gain, Kulturlab, Gazte Plana, OrdiziaLab edo Buztuntzan egindako parte-hartze prozesua ere aipatu dituzte jeltzaleek. Horiei jarraipena ematea ezinbestekoa dela uste dute, “guztion artean eraikitako Ordizia batean” sinesten dutelako eta “orain arte prozesu horietan parte hartu dutenei errespetua” zor zaielako. “Jende askok inbertitu du bere denbora prozesu horietan eta egindako ekarpenak aintzat hartzea eta jarraipena ematea ezinbestekoa dela uste dugu”.
EAJren udal taldeak “jarrera eraikitzailea” erakutsi duela azaldu du, ordenantza fiskaletan, aurrekontuetan eta COVID 19ari aurre egiteko neurrietan ekarpenak eginez. Udal gobernuak, ordea, ekarpen horiei “entzungor” egin diela azaldu dute. “EH Bilduk eta Podemosek duten gehiengoa baliatuta beren proiektua aurrera eramatea zilegia” dela diote, baina ulergaitza egiten zaie ekarpen horien aurrean “EH Bilduk izan duen jarrera oldarkorra”. Jeltzaleen ustez, “gauza bat da bakoitzak bere proiektuari eustea eta beste bat gainerakoen ekarpenak gutxiestea”.
Etorkizuneko erronkak
Ordiziako EAJk azaldu du haien udal taldearen helburua beti izango dela Ordiziaren etorkizuneko erronkei aurre egitea eta ez udal gobernuaren jarduna oztopatzea. “COVID 19ak sortutako krisia guztion bizitzen erdigunean kokatu da eta hori izango da, zalantzarik gabe, epe motz eta ertainera begira izango dugun erronketako bat, osasuna babestea eta krisi ekonomikoari lehen bailehen buelta ematea”. Hala ere, “herri bezala ditugun gainerako erronkak ahaztu gabe” lan egingo dutela azaldu dute. Aldaketa klimatikoa da horietako bat; klima aldaketaren aurkako ekintza plana osatzeko partida bat onartzea proposatu dute jeltzaleek. “Energia eraginkortasunari dagokionez, argiteriaren berrikuntzan martxan jarri genuen smart town eredua ere bertan behera geratu da eta puntu adimendunak jarri ordez soilik argiteria aldatu da”. Jeltzaleek “aurreko agintaldian ingurumenaren alde egin genuen apustuari” eusten diotela azaldu dute.
Ordiziaren etorkizuneko beste erronketako bat HAPO edo Hiriaren Antolaketarako Plan Orokorra izango da. EH Bilduk eta EAJk gai honen inguruko “ikuspegi desberdina” dutela nabarmendu dute: “udal baliabideekin egitea defendatu dugu guk, baina EH Bilduk kanpoko baliabideekin egin nahi izan du eta aurreko legealdian adostasunik lortzea ezinezkoa izan zenez, ezin izan da bide horretan aurrerapausorik eman”. EAJk herri ereduan jarri nahi du fokoa eta “lanketa horretan ere ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarren parte-hartzea sustatzea eta baita udal taldeen iritziak” entzutea ere. HAPOren lanketan, jeltzaileen ardatzak “auzoen arteko oreka, garapen ekonomiko jasangarria eta kalitatezkoa azpiegiturak” izango dira.
Lehen urtearen balorazioa, beraz, ez da haiek nahiko luketeen bezain ona, “parte-hartzea eta gardentasuna faltan” bota dituztelako, baina “aurrerantzean egoerak hobera egin dezan lanean” jarraituko dutela diote. Udalean dauden alderdi desberdinek ikuspegi desberdinak izatea normala dela uste dute, “baina guztiok ordezkatzen ditugu ordiziarrak eta horien mesedetan elkarlanean aritzea eta elkar errespetatzea beharrezkoa dela uste dugu”. Bide horretan bere eskua luzatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute, “uste dugulako, orain inoiz baino gehiago, batasuna beharrezkoa dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.