Zumarragak txapela jantzi zuenekoa
1970eko eta 1980ko hamarkadetan Zumarraga punta-puntan ibili zen Herriarteko Pilota Txapelketan. Bi aldiz irabazi zuen eta beste bitan finalera heldu zen. Urrian lehen garaipenaren 50. urteurrena beteko da.
Zumarragarrak triste samar daude: Santa Isabel eguna da eta ezin dute nahi bezala ospatu. Ea erreportaje honek apur bat animatzen dituen. Gaur ezpata dantza hartuko duen Antioko baselizagatik ezagutzen dute askok Zumarraga, baina garai batean bere pilotariengatik ere ezaguna zen. Zumarragarrek bi aldiz irabazi zuten Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa eta beste bitan finala jokatu zuten. Urriaren 10ean lehen garaipenaren 50. urteurrena izango da.
Final hura jokatu zuenetako bat Jon Gartziandia eitzatarra da. «Ni Eitzako elizako arkupeetan hasi nintzen jokatzen. Garai hartan denok pilotan jokatzen genuen. Izan ere, saskibaloia-eta heldu berriak ziren. Pilotan, berriz, denok jokatzen genuen: onek, txarrek… Egun guztia Eitzako elizako pilotalekuan ematen genuen».
Garai hartan Goierri osoan zaletasun handia zegoen nonbait: Urretxu Herriarteko Pilota Txapelketako lehen edizioan azpitxapeldun izan zen (Bergararen aurka galdu zuen), Segurak bigarren edizioa irabazi zuen (Azkoitiaren aurka jokatu zuen) eta Zumarragak hirugarrena eta laugarrena irabazi zituen (Segura eta Zestoaren aurka).
Hiru bikoteak
Zumarragak irabazitako lehen txapelketa hartan, Gartziandiak Lazaro Ormazabal zenarekin jokatu zuen, haurren mailan. Gazte mailan Agustin Erostarbek eta Jose Mari Sudupek jokatu zuten eta senior mailan Jose Luis Idiakezek eta Pedro Gordok.
Gartziandiak hiru bikoteak onak zirela dio. «Haur mailari dagokionez, Segurakoak oso onak zirela esaten zuten, baina finalean irabazi egin genien: 16 eta 13. Lehen urtea genuen eta kosta egin zitzaigun frontoi handietara moldatzea. Izan ere, Eitzako elizakoa oso txikia da eta bertan pilota motelekin jokatzen genuen. Txapelketako partidak, berriz, pilota biziagoekin jokatzen ziren. Hori bai, Lazaro eta biok oso ondo konpontzen ginen. Izan ere, biok Eitzakoak ginen eta umetatik jokatzen genuen elkarrekin. Zazpi urte bakarrik nituen lehenengoz bere aurka jokatu nuenean. Partida hura berak irabazi zuen. Herriarteko txapelketan, berak aurrean jokatu zuen eta nik atzean. 14 urterekin txiki-txikia zen. Lazarito deitzen genion. Aurrelari ona zen. Ez zuen indarrik, baina aurrean oso abila zen: bi paretak, dejadak… Nik, berriz, jo eta jo».
Gazte mailan txapelketako pilotari onena Erostarbe zen. «Alde handiarekin, gainera. Sudupe ere pilotari ona zen eta, beraz, bikote onena ziren. Erostarbek sekulako indarra zuen. Sakearekin tanto asko egiten zituen, garai hartan sake guztiak atzelariek eramaten baitzituzten. Izan ere, bederatzigarren koadrotik ezin zituzten bere sakeak eraman. Erostarbe, bigarren Herriartekoa irabazi eta bizpahiru hilabetera profesional mailara pasa zen. Gazte mailatik profesional mailara pasa zen, zuzenean».
Senior mailakoei dagokienez, Idiakez «fenomeno bat» zela dio Gartziandiak. «Oker ez banaiz, Idiakezek hiru aldiz sinatu zuen profesional mailan jokatzeko eta hiruetan atzera egin zuen. Enpresariek hiru aldiz eskaini zioten profesional mailan jokatzea. Horrek oso ona zela esan nahi du. Gordo ere pilotari ona zen. Pilota guztiak eramaten zituen. Gordoren partidek ordu eta erdi irauten zuten».
Txapelketan zehar oso partida gutxi galdu zituzten eta finalean, berriz, 3 eta 0 nagusitu ziren. «Finalera heldu aurretik Elgoibar, Azpeitia eta Tolosaren aurka jokatu genuela gogoratzen dut. Ez dut gogoratzen beste kanporaketarik jokatu genuen».
Etxeko partidak Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatu zituzten, Zumarragan ez baitzegoen pilotaleku estalirik. «Ederrenan ez genuen asko entrenatzerik, baina finala oso ondo prestatu genuen. Bergaran jokatu zen eta askotan joan ginen Bergarara entrenatzera. Taldearen arduradunak Alejandro Albisua eta Daniel Apaolaza ziren. Oraindik ez zegoen klubik».
Finalean pilotalekua leporaino bete zen. «Zumarraga erdia joan zen eta Seguratik ere jende asko joan zen. Kanporaketetan ere pilotaleku guztiak betetzen ziren. Garai hartan Herriartekoa amateur mailako txapelketa garrantzitsuena zen, Munduko Txapelketak baino jende gehiago erakartzen zuen».
Hala, txapelketa irabazi zutenean, Zumarragan sekulako ongi etorria egin zieten. «Pilotariok kabriolet batean sartu ginen herrira, txapelekin eta kopekin. Autoa De la Piedad familiarena zela uste dut. Herriari buelta eman genion eta ondoren udaletxeko balkoira igo ginen. Plaza jendez gainezka zegoen. Sekulako ongi etorria egin ziguten. Oilo ipurdia jarri zitzaidan. 15 urte bakarrik nituen! Oso denbora gutxian Eitzako pilotaleku txikian jokatzetik Zumarragako udaletxeko balkoira pasa nintzen».
Zumarragako Udalak 200.000 pezetako saria jaso zuen, pilotan inbertitzeko. «Zelai Ariztiko pilotalekuan ezin zen ezer egin, estaliz gero parkea itsustuko bailukete. Hurrengo urtean beste 200.000 pezeta irabazi ziren. Ez dakit zer egin zen diru harekin».
Gartziandiak ez zuen 1971ko edizioan parte hartu, baina bai ondorengo batzuetan. Bai gazte mailan eta bi senior mailan. «1980ko hamarkada hasieran Zumarragak beste bi final jokatu zituen, baina final horiek ez nituen jokatu. Dena den, final haiek jokatu zituzten batzuekin jokatu nuen. Aitor Gabilondo alkate ohiarekin, adibidez».
Zumarragak 1984an jokatu zuen azkenekoz finala: Donostiako Atano III pilotalekuan (garai hartan Anoeta), Azkoitiaren aurka. «Egun mutiko gutxik jokatzen dute pilotan eta, gainera, gaztetan uzten dute beste kirol bat egiteko. Zer egingo diogu ba… Niretzako pilota lehen kirola izan da».