Inaxio Usarralde omendu dute Usurbil jaioterrian, bertso aurkezletza uztekoa dela
Larunbatean, Usurbilgo bertso jaialdian ezusteko aitortza eta esker ematea egin zioten Usarralderi. 30 urte aritu da bertso jaialdiak eta txapelketak aurkezten eta gaiak ematen.
Inaxio Usarralde bertso aurkezle lanari uztekotan da. Duela gutxi hartutako erabakia larunbatean zabaldu zen, Usurbil jaioterriko bertso jaialdian omenaldia egin ziotenean. Ibiltzen hasitako leku berean egin diote lehenengo aitortza, 30 urte pasako lana eskertuz.
Usurbilgo parteko Aginaga auzo-herrian jaio zen Usarralde, 1967an, eta Lazkaon bizi da, ezkonduz geroztik. Usurbilgo Paotxa irrati librean, bertsolaritzari buruzko Bota Punttuba irratsaioa eginez hurreratu zen aurkezletzara, beste hiru lagunekin batera. Talde izaera hartu zuen saioak, eta izen horrekin funtzionatzen du gaur egun Usurbilgo bertso mugimenduak. Egin Irratian ere, 1989tik itxiarazi zuten arte (1998) izen bereko programa aurkeztu zuen.
Oholtzetara ere 1989 inguruan hasi zen igotzen, Usurbilgo betsolariekin antolatutako jaialdian. Jaialdi, saio, ekitaldi eta txapelketa ugari aurkeztu ditu, tartean Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetako saioak nahiz finalak.
Usurbilen, larunbat iluntzean, Oiardo kiroldegian izan zen saioan, Amaia Agirre aurkezleak ireki zuen omenaldi tartea, haientzat “erreferente eta eredu” izan dela aitortuz. Ezustean, oholtzara igota eskertu zuen Usarraldek ekimena (informazio zabalagoa, Usurbilgo Noaua herri aldizkariaren webgunean).