Hiru zatitan banatuko du erronka: 1.000 kilometro mendian korrika, beste 1.000 txirrinduan eta azkeneko 1.000 kilometroak asfaltoan korrika.
Carlos Moran zegamarrak elkartasun erronka jarri du martxan gaitz bat ezagutzera emateko. Nahia Gomez gazteak giltzurrunetako gaixotasuna du, glomerulonefritis fokal eta segmentario kortikoerresistente izenekoa, eta hori ezagutaraztea izango du helburu Moranek. 3.000 kilometro egingo ditu hiru zatitan: Zegama-Aizkorriko ibilbidean 1.000 kilometro egingo ditu, 24 maratoiri dagozkien kilometroak, hain zuzen ere; beste 1.000 kilometro bizikleta gainean egingo ditu, eta azkeneko 1.000 kilometroak asfaltoan korrika. Beraz, mendian, txirrinduan eta asfaltoan ariko da zegamarra.
Kontu berria sortu dute Facebook-en erronka zabaltzeko asmoz: 3000km x Nahia. Oraindik ez dute esan noiz ekingo dion erronkari.