48 dira Ordiziko fokuarekin lotutako kasuak
28 kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan. Idiazabalen, Zegaman eta Zumarragan ere agertu dira positiboak
48 positibo daude denera Ordiziakoa kasuarekin lotuta. Nekane Murga osasun sailburuak hala baieztatu du, eta gehiago izango direla iragarri du: “Gaur beste 350 test inguru egingo ditugu. Kasu gehiago agertuko dira». 1.692 test egin dituzte eta azken orduetan 28 positibo gehiago atera dira.
Gaurko txosten epidemiologikoak hamaika kasu berri jasotzen ditu. Txosten berak Zegaman eta Zumarragan kasu bana dagoela ere badio. Ezin da ziurtasun osoarekin baieztatu Ordiziako fokuarekin lotura zuzena dutenik, baina Osasun Sailak baieztatu du Ordiziatik kanpoko kasuak ere badaudela. Idiazabalgo udalak bi kasu asintomatiko daudela baieztatu du; pertsona horiei eta haien ingurukoei probak egingo zaizkiela azaldu du, eta inguruetan ibili diren herritarrei Beasaingo Osasun Zentrora deitzeko eskatu die udalak.
Aisialdia mugatzeko neurriak gaurtik indarrean daude, “oraingoz” soilik Ordizian. Halere, inguruko herrietako agintariek zuhurtzia areagotzeko deia egin diete herritarrei eta musukoaren erabilera orokortzeko eskatu dute. Ordizian derrigorrezkoa da musukoa, edozein egoeratan. Ostalaritzako establezimenduetako edukiera erdira mugatu dute eta ezingo da barran kontsumitu. Mahien arteko distantzia metro eta erdikoa izan behar da eta 23:30etan itxi egin behar dute. Gazte lokalak ezingo dira erabili. Zerbitzu publikoak ere etenda daude.
Inguruko herrietan ere, Ertzaintza eta Udaltzaingoa maskarila erabili dezatela eskatzen ari da jendeari, Beasainen esaterako.