Aisialdia mugatzeko neurriak ezarriko dituzte Ordizian
Ordiziako fokuarekin lotutako positiboak 35 dira. 1.700dik gora PCR proba egingo dira guztira. Eraikin publikoak eta parkeak itxi eta azoka bertan behera utzi du udalak. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da.
Zurrumurruak ugariak baziren ere, azkenean ez konfinamendurik ezta mugitzeko mugarik ere ez da ezarriko Ordizian eta inguruan, atzo jarraipen batzordeak egindako bileraren ondoren Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi zuenez. Covid-19aren Ordiziako berragerpenaren ondorioz, hainbat neurri prestatzen ari direla ere adierazi zuen, Ordizian bertan eta aisialdi mailan ezartzekoak, batez ere. Gaueko aisialdia, terrazetako topaketak eta zutik egiten den kontsumoa mugatzeko asmoa dutela aurreratu zuen Murgak, behin eta berriz maskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu zuen bitartean.
Ordiziako fokuaren inguruan eratutako jarraipen batzordea Zumarragako ospitalean bildu zen atzo arratsaldean. Nekane Murga Osasun sailburuaz gain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saileko, Osakidetzako eta Osasun saileko arduradunak eta Ordiziako, Beasaingo, Idiazabalgo eta Lazkaoko alkateak izan ziren batzarrean.
35 positibo
Jarraipen batzordeak hartutako erabakiak astelehenetik herrian egiten ari diren PCR proben emaitzetan oinarritzen dira. Murga kontseilariak atzo eguerdiko agerraldian emandako datuen arabera, 30 ziren une hartan Ordiziako fokuari lotutako positiboak: 7 iganderako konfirmatuta zeuden, eta 14 berri konfirmatu ziren atzo eguerdira arte; gainerakoak aurretik baieztatuta zeuden kasuak dira, hasieran zerikusia ez zutela pentsatu arren, azkenean lotura badutenak. Arratsaldeko bileraren ostean, positiboak guztira 35 zirela jakinarazi zuen Murgak, eguerdian baino bost emaitza positibo gehiago atzeman zituztelako. Kasu gehienak 18 eta 35 urte bitartean kokatzen zirela azaldu zuen.
Covid-19aren foku honek Lleidan izandako pertsona batean du jatorria; hark familia eta lagun arteko ospakizun batean parte hartu omen zuen Ordiziako Etxezarreta kaleko Sarri tabernan, eta handik zabaldu omen dira kutsatzeak. Lehen kasuak atzeman orduko, taberna itxiarazi zuten eta hurrengo egunean kale berean dauden Haka, Miami eta Kebaba ere itxi zituzten, ekainaren 27tik aurrera establezimendu horietan ibilitako herritarrei PCR proba egiteko deialdia egin zitzaien bitartean.
Murgak jakinarazi duenez, 24 ordutan muntatu zuten osasun protokoloa, eta astelehen goizerako PCR probak egiteko hamar karpa jarri zituzten Ordizian bertan. 985 test egin zituzten egun osoan zehar, eta proba horien emaitzek 19 positibo utzi zituzten arratsalderako.
Atzo, 540 proba ziren egiteko 10:00etan hasi eta arratsaldera arte. Astelehenean lan handia izan zutela eta, langileen kopurua hirukoiztu egin zuten: 10-bat erizain, beste 10-bat erizain laguntzaile, boluntarioak eta osasun zentroan bertan administrazio lanetan eta telefono arreta egiten dihardutenak.
Gaur ere PCR probak egiten jarraituko dute. Hiru egunetan, 1.600dik gora test egitea aurreikusten dute. Emaitzak 24 orduren bueltan jasotzen dituzte proba egin dutenek, SMS bidez.
Udalaren neurriak
Jarraipen batzordearen bileran hartutako neurrien aurretik, Ordiziako Udalak ere hartuak zituen beste batzuk, «zuhurtziak bultzatuta eta kutsatze katea eteteko helburuz». Hala, herriko eraikin publiko guztiak, Majori kiroldegia eta udal liburutegia ixtea erabaki du, baita jolas parkeak eta besteako kirol guneak ere.
Udako haurren ikastaroaren hasiera atzeratzea ere erabaki dute, eta asteazkeneroko azoka bertan behera utzi dute.