Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu): «Aldaketak EH Bilduren jendartearen izen-abizenak ditu»
Saez de Egilaz (Beasain, 1996) zortzigarrena doa EH Bilduko zerrendetan eta legebiltzarkide izateko aukera handiak ditu. Eskualdeak ordezkaritza izatea garrantzitsua dela dio.
Zeintzuk dira EH Bilduren programako puntu nagusiak?
EH Bilduk oso programa zehatza eta luzea du, baina Maddalenen [Iriarte] 10+1 konpromisoetan zentratu gara. Zehazki, gure bizitzetako hamar arazo zentral dira: osasun publikoa, pentsioak, etxebizitza, hezkuntza… Hamaikagarrena, berriz, autogobernua. Lehendakaritzara iristen bagara, EH Bildun argi dugu hamaika konpromisoak oinarrian hartuta egingo dugula lan.
Zeintzuk izango dira datorren legegintzaldi honetako erronka nagusiak?
Garrantzitsuenetako bat autogobernuaren ponentzian benetako saiakera egitea izango da. Lau urte hauetan ikusi da ez dela baldintzarik eman batzuk ez dutelako euren jokalekutik atera nahi izan. Bertan sakontzeko eta jarduteko konpromiso guztiarekin jardungo dugu.
Garai gogorrak datorkigu, koronabirusaren ondorengoak. Gure eguneroko gai sozio-ekonomikoak erabat aztoratuko dira, nahiz eta aurretik ere krisialdi egoera batean geunden. Hamaika konpromisoek egoerari aurre egiteko balioko digute, osasun publikoa, etxebizitza eta lan politikak… nabarmenduz. Behingoz, soldata minimoa 1.200 eurotan jarriko dugu eta 1.080 euroko pentsio minimoaren aldarrikapena instituzioetara eramango dugu.
Goierrik nolako pisua izango du EAEn eta legebiltzarrean?
Niretzat Goierri beti izango da eremu berezia: bertan jaio gara, bertan bizi… Goierri da nire lekua. Goierrin babes eremu bat existitzen da, elkar laguntzeko gaitasuna dugu. Herrien arteko loturak, belaunaldien arteko loturak… Eskualde berezia gara, eta beti esaten dut beasaindarra naizela, gustatzen zaidalako goierritarra naizela esatea. Hautatua izango banaiz legebiltzarkide goierritar bakarrenetakoa izango naiz, eta oso garrantzitsua izango da errealitate asko elkartzen diren eskualde batek presentzia izatea.
Goierrik zer onura jasoko du Iriarte Lehendakari izendatzen badute?
EH Bilduk planteatzen dituen hamaika konpromisoek zuzeneko eragina izango dute gure bizitzetan. Guretzako oinarrizkoa da politika instituzionalak herritarren bizitzetan eragina izatea, eta horretarako egunerokoa zeharkatzen duten arazoei heldu behar zaie. Gure bizi baldintzak hobetu egingo dira sozio-ekonomikoki.
Hauteskunde kanpaina nolakoa izaten ari da?
Oso arraroa izaten ari da baina, pertsonalki, arraroagoa espero nuen. Bi hilabete etxean egon ondoren perspektiba galtzen duzu eta hauteskundeak urruti ikusten ziren. Orain, egunak oso azkar doaz. Gainera, EH Bildun komunitatearekin dugun konexioa oso indartsua da eta harreman hori ezin denez hain naturala izan, kontakturik gabe gelditzen ari gara. Lurra ukitzeko gogoarekin gelditu naiz.
Hauteskundeen azken txanpara indartsu iritsiko zarete?
Kalean nekea nabaritzen dut: bi hilabete egon gara etxean, ez dakigu zer etorriko den eta inork ez ditu erantzunak ematen. Askok abstentziora joko dute, eta gogorra da horiek konbentzitzea. Baina gu gogotsu gaude, aldaketa posible dela sinetsita gaude. Aldaketak izen-abizenak ditu, eta kasu honetan EH Bildu eta EH Bilduren jendartearen izen-abizenak ditu. Hotzagoa espero nuen hauteskunde kanpaina, baina kalean indarra sumatzen da. Emaitza onak lortuko ditugula dudarik ez dut, eta lehendakaritzara iritsiko ote garen? Bada, esperantza eta ilusioa badugu, hortik egin behar delako hauteskunde kanpaina.
Koronabirusak bozen emaitzetan eraginik izango du?
Hauteskunde hauek lekuz kanpo daude. Pandemia batetik atera berri gaude eta ez dakigulako oso ongi non gauden: tarteko bide batean, berragertzeak han eta hemen… Jendeak ez du burua hauteskundeetan eta abstentzio handia izateko arriskua dugu. Badakigu garai gogorrak etorriko direla eta gugan gorpuztuko direla ondorioak, eta horregatik jendeari dei egiten diogu hautetsontziak EH Bilduren bozkekin bete ditzan.
Aurreikuspenen arabera emaitzak hobetuko dituzue baina Iriarte Lehendakari izateko ez da nahikoa izango.
Aldaketarako gogoarekin lan egitea politika instituzionalean oinarrizkoa da. Aldaketarako aukera errealak daude eta hori transmititu behar dugu. Ziur nago emaitzak hobetuko ditugula, baina Maddalen Lehendakari izateko beste baldintza batzuk ere jazo beharko direla egia da. Maddalen ikusten dut Lehendakari karguan, ikusten dut gure herriko hiru probintzia gobernatzen. Atzean oso talde prestatua du eta, seguruenik, anizkoitzena. Hautagai ideala da.
Koalizioetarako prest zaudete?
Hauteskunde hauetan bi aukera daude: alde batetik, gurea eta, bestetik, orain arte modu ilunean gobernatu dutenena. Kasu honetan, EAJren planteamendu politiko guztia: klientelismoa, ustelkeria kasuak, herriaren aurka gobernatzeko moduak… Orain arte aipatuta- koarekin badirudi PSE-EErekin gobernatzen jarraitzeko aukera izango dutela, baina ezkerreko ikuspegi batetik eratutako gehiengo batekin gobernatzeko aukera ere badago. Gobernatzera iristen bagara bakarrik ez dugula egingo argi dugu. Ezkerretik, PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin indarrak batu beharko ditugu, baina hori ez dago soilik gure esku.
EH Bildu bozkatzen duenak, zergatik egiten du?
Ez nuke perfil zehatz bat esango, hauteskundetik hauteskundera aldatu egiten delako eta, era batera edo bestera, askotariko jendeak jartzen duelako bere alea EH Bildun. Baina gu bozkatzeko arrazoia gu hemen egoteko arrazoi berdinagatik da: ilusioarekin gatoz, eta benetan pentsatzen dugu Euskal Herri hobe baten aldeko lanketan zentralitatea hartu behar duela jendeak. Ezinezkoa da herriarentzat gobernatzea herririk gabe. EH Bildu bozkatzea hurrengo legegintzaldian herria ordezkatuta egoteko modu bat da. Gu bozkatzen gaituenak bere alde lan egingo dugula sinisten du, eta horretarako proiektu bat dugu.
Eta zuek bozkatzen ez zaituztenak, zergatik ez dute egiten?
Lehen aipatutako bi aukera horietan zera irudikatzen da: EAJa lotzen da seriotasunarekin, heldutasunarekin, kudeatzeko gaitasunarekin… politika instituzionalarekin. Eta horren kontrakoa, badirudi, gu garela. Eta, nire ustez, horrek ez du kontrakorik. Seriotasuna eta gobernatzeko gaitasunak ez doaz gorbatarekin lotuta, ez du zertan gizon heldua izan behar. Gu ere gai gara agintzeko eta, gainera, gogoa, ilusioa, indarra… dugu. Herritarrak eta bizitzak erdigunean jarrita gobernatuko dugu eta ez orain arte bezala bizkarra emanez.