Asteazkena eta Ordiziako plaza hutsik
Ez ohiko irudia utzi du gaur Ordiziako plazak. Asteazken goiza izanda, hutsik baitago, feriako posturik eta jenderik gabe. Koronabirusaren berragerpena dela eta, udalak hartu duen neurrietako bat izan da.
Ez da askotan ikusi horrelakorik. Ordiziako plaza hutsik asteazken goiz batean. Koronabirus kasuen berragerpena dela eta, Ordiziako Udalak hartu dituen kontrol neurrietako bat izan da azoka bertan behera uztearena. Lehen ere izan ditu aldaketak azokak, koronabirusa dela eta, baina aurreneko aldia da egin gabe gelditzen dena. Udalak, ordea, ez du egoera hori luzatzen utzi nahi, eta “datorren astean berme osoarekin antolatu ahal izateko lanean” ari direla azaldu dute, “baserritarrek berriz ere haien produktuak saltzeko aukera” izan dezaten.
Bien bitartean, erdi bideko aukera bat planteatu dute; izan ere, azokako produktuen eskariak egin eta jasotzeko aukerari eutsi egin diote. Telefonoz edo online egin daitezke eskariak, eta gero D’Elikatuz zentroan jaso.