Presoen aldeko garagardo festa ez da egingo
"Sarraski ekonomikoa" estaltzeko 'Deposito bete elkartasun' dinamika abiatu dute. Tartean, kontu korrontea zabaldu dute dohaintzak jasotzeko, zozketak egingo dituzte, salmentak...
Presoen alde Beasainen egiten den garagardo azoka ez da izango aurten. Jende pilaketak ekiditeko onena festarik ez egitea dela erabaki dute antolatzaileek. Hamargarren edizioak, hortaz, itxaron egin beharko du.
“Sarraski ekonomikoa” dela aipatu dute antolatzaileek. “Presoak ezin ditugu bakarrik utzi. Bisitak onartzen dizkigute, baina bidaien gastuari aurre egiteko diru nahikorik ez dugu”. Etxeraten datuen arabera, 226 euskal preso daude Espainiako eta Frantziako estatuetako 48 kartzeletan sakabanatuta. Senideek astero bidaiatzen dutenez, horrek esan nahi du 11.752 bidaia egiten dituztela urtean, 14.617.304 kilometro. Gutxi gorabehera, 1.200.000 gasolina litro behar dituzte distantzia hori osatzeko, hau da, 1.500.000 euro inguru. “Kopuru horiek hotzak eta argigarriak dira, eta familiakoek pairatzen duten dramaren zati bat adierazten dute”.
‘Deposito bete elkartasun’ elkartasun dinamika abiatu du Etxeratek, “krisi horrek euskal preso politikoen senideei eragiten dieten ondorioak arintzeko, sakabanaketa eta urruntzea jasaten jarraitzen baitute”. Bi kontu korronte zabaldu dituzte dohaintzak jasotzeko: ES54 3035 0025 8202 5011 9640 eta ES34 3008 0170 1539 7701 5720. Kinkea litografiak ere salgai jarri dituzte, 25 euroan. Erosle bakoitzak zenbaki bat jasoko du eta irailaren 21ean eta abenduaren 21ean 20.000 euroko sari bana zozketatuko da. Gainera, 5.000€ko 3 sari, 1.000€ 15sari, 500€ 20 sari eta 100€ko 100 sari ere egongo dira.
Eskualde mailan, Herri denda zabalduko dute, irailetik aurrera. Ostiralean, 17:00etatik 19:30era, eta larunbatean, 10:30etik 13:00era egongo da zabalik. Era berean, Beasainen saski erraldoia zozketatuko dute, eta Idiazabalen herriko produktuekin osatutako otar bat. Seguran hilabeteko azken ostiraletan ogitartekoak salduko dituzte, eta Ataunen gabon eskean irtengo dira abenduaren 24an eta 31n.