Ezenarrok hauteskundeak egiteko baldintzarik ez dagoela dio
Urkulluk segurtasuna "guztiz" bermatuta dagoela esan du eta hitzordua atzeratzeko asmorik ez duela gaineratu du. Hauteskunde batzordea bilduko da bihar 09:00tan.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak esan du herritarren %10a bakartuta dagoela, etxetik ezin aterata. “Zer gertatuko da hauen boto eskubidearekin?” galdetu du. Ezenarrok uste du hauteskundeak normaltasunez ezin direla egin eta neurriak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari segurtasuna bermatzeko.
Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak Espainiako irrati batean goizean eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu du hauteskundeak egiteko berme guztiak daudela eta ez duela atzeratzeko asmorik. Ildo beretik mintzatu da Nekane Murga Osasun Sailburua. Prebentzio neurriak ezarrita daudela nabarmendu du eta positibo batzuk Ordiziatik kanpokoak direla gogoratu du.
ETBk jakinarazi duenez, hauteskunde batzordea bilduko da bihar 09:00tan.