«Garrantzitsuena da egoera honi buelta ematea, eta gero gerokoak»
Goierriko Jazzaldiaren zortzigarren edizioa ez dute egingo aurten, datorren urterako uztea erabaki du antolakuntzak. Pena handiarekin baina zentzuzkoena hori dela dio Urtzi Etxeberriak.
Goierriko Jazzaldiaren antolakuntzan aritzen zara eta jakinarazi duzue, aurten ez dela egingo.
Ez gara bakarrak izan eta uste dut egoera nolakoa den ikusita, neurri batean, asmatu dugula. Pena da, zeren dena prest genuen, musikariekin eta Jazzaldian parte hartzera zihoazen guztiekin hitz eginda geunden aspalditik. Eta bertan behera uzteak, guri eragiten digu, baina baita honetaz bizi den jendeari ere, eta hori, okerragoa da. Horrek ematen digu pena gehien.
Bestalde, egoera nolakoa den ikusita, erabaki egokia dela uste dut.
Beste aukera batzuk baloratu dituzue?
Udaletxera jo genuen, egon litezkeen aukeren inguruan hitz egiteko. Esan ziguten tokiak proposatzeko eta aire libreko tokiak proposatu genituen. Aramakoa ere aire librean dago, baina arazoa sortzen da, jendea nola kontrolatu zehaztea ez delako erraza. Antolakuntzan ari garenak gutxi garela kontuan hartuta, ikusi genuen, kontu honek eskuetatik ihes egiten zigula, Araman adibidez, eremu bat mugatuta ere, eremu horren barruan gerta litekeena kontrolatu bai, baina eremu horretatik kanpora ingura zitekeen jendea kontrolatzea oso zaila izango litzateke.
Internet bidez kontzertu emanaldia egitea ere pentsatu genuen, baina ez da guk nahi dugun formatua.
Aurtengo Jazzaldiari forma emana zenioten. Nolakoa zetorren?
Aurreko urteetako eskemari jarraituz, sei kontzertu, hiru Ordizian eta hiru Araman. Ostegunean hasi eta larunbat iluntzera bitarte. Maria Yfeu abeslaria eta Malmö ziren aurtengo kartela osatzen zutenetako batzuk. Guztiak, maila oso altukoak. Baina datorren urteko ekitaldira itxaron beharko dugu. Pozik gaude, musikari guztiek, datorren urteko Goierriko Jazzaldian parte hartzeko interesa erakutsi dutelako.
Aipatu duzu, musikaren sektorean lan egiten dutenak izango direla kaltetuenak.
Goierriko Jazzaldia, ekitaldi txikia da, eta maila txikian bada ere, lana ematen dio sektore horretan lan egiten dutenei. Jende asko bizi da horrelako ekitaldietatik, alukeria bat da gertatzen ari dena. Neurri batean, isilik pasatzen ari den gai bat da eta animoak bidali nahi nizkieke, eta ea egoera hau pasatzen den.
Iazko argazkiei begira, jende mordoa hurbildu zen kontzertuetara. Zer du Goierriko Jazzaldiak hainbeste jende erakartzeko?
Musikak ordiziarrak erakarri egiten gaituela eta Goierriko Jazzaldiak, urrutira joan gabe, aukera bat eskaintzen du. Aramako zelaietan urtero egiten dugun kontzertuan, eguraldiak laguntzen duenean batez ere, jendetza biltzen da. Lasai egon, garagardo batzuk hartu, familiarekin egun pasa egin… Aukera ona da eta jendeak ondo erantzuten du, beraz, helburuetako bat ere lortu dela esan daiteke, Jazza jendeari gerturatzea, alegia.
Umiltasunetik hitz egiten duzu beti, Goierriko Jazzaldia beste batzuen alboan txikia dela esanda. Baina aurtengoak zortzigarren edizioa izan behar zuen. Zein da sekretua hainbeste urtez eta urtetik urtera arrakasta gehiagorekin jarduteko?
Batetik, antolakuntzan aritzen garenon artean, giroa oso ona dela, lagun talde bat gara eta horrek asko laguntzen du. Bestalde, lan pixka bat egiteko gogoa eta saltsatan sartzeko gogoa, baita ere. Baina gainera, jendeak beti erantzun izan du eta horrek, beste hainbat ere erakartzen ditu.
Horrez gain, inguruko udaletatik, enpresetatik eta Foru Aldunditik ere jasotzen dugu laguntza.
Uste dut, sona lortu duen musika jaialdia dela, badu jarraipen bat. Lan txukuna egiten dugula uste dut eta maila oso oneko musikariak ekartzen ditugula eta jendeak gustura hartzen du. Sekretua, gauza askoren nahasketa dela esango nuke.
Datorren urtekoa urruti dago oraindik, egin ahal izateko gogoz egongo zarete.
Datorren urtean antolatu badaiteke, oso-oso pozik egongo gara. Dena den, orain garrantzitsuena da egoera honi buelta ematea, eta gero gerokoak.