Izurrite bat zer izan zen jakiteko argitalpenak
Ataungo Atauniker kultur elkarteak 'Nondik' aldizkariaren lau zenbaki argitaratu ditu izurritearen konfinamenduak iraun duen denboran. Azken biak orain atera dituzte, efemerideekin eta bertsoekin osatuta.
Auskalo historiaren orrialdeetara zenbaterainoko letrarekin igaroko den Covid-19aren izurritea eta ondoriozko konfinamendua. Denboraren joanak eta berorretan gaitzak hartzen duen garrantziak ebatziko dute hori. Gaur-gaurkoz, Ataunen zer izan den eta izaten ari den, behintzat, ondo jasoa eta artxibatua utziko du Atauniker kultur elkarteak. Apiriletik, lau Nondik aldizkari argitaratu dituzte, askotariko informazioa, herri aldartea eta antropologia erakusten dutenak.
Koronabirusaldiko azken bi aldizkariek joan den astean ikusi dute argia, 35. eta 36. zenbakia dutenak. Euskarri digitalean zabaldu ditu Ataunikerrek bazkideen, herritarren eta interesdunen artean. Ale batzuk paperean ere atera dituzte, artxiboetarako eta liburutegietarako. Elkartearen webgunean ere ikusgai daude (atauniker.org) orain arteko Nondik guztiak, berriak barne.
Ataungo efemerideei eskaini diete zenbaki berezi bat (35.a). Jexux Aizpuruak bildu ditu herriko gertakarien eta pertsonaien inguruko albiste datatuak, «ataundarren oroimen historikoa elikatzeko». 72 orrialdetan eman ditu, urteka jarrita.
Bestetik, koronabirusaren gaia emanda, bertsopaperak osatu eta antolatu dituzte 36 orrialdeko Nondik berezian (36. zenbakia). Sabino Auzmendik, Mikel Tapiak, Jexux Aizpuruak eta Jexux Goikoetxeak idatzi dituzte sortak, denera 190 bertso.
Ikerketa eta inkesta lehen
«Aurtengo urtea, gerora begira, koronabirusaldiaren eraginpean bizi izandakotzat jo beharko dugu», aitortu du elkarteak. Hala, konfinamendu garai betean, martxoaren 22tik 29ra, 33 inkesta burutu zituen Ataunikerrek Ataunen, 67 gairi buruzkoa. Erantzunak Nondik 33an argitaratu zituzten, apirilean.
Bestetik, 26 herritarrek gogoeta bana idatzi zuten Covid-19az.