Adur Ezenarro: «Goitik behera ez zaigu informazio askorik iritsi, baina behetik gora bai»
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak "neurri zorrotzak" hartu dituztela aitortu du, eta positibo kasuen garapena ikusitakoan altxatuko dituztela. Herrian hartutako aurreneko neurriak ere azaldu ditu.
Zenbat dira azkenean Ordizian kutsatutakoak?
Oraindik ez dakizkigu zenbaki zehatzak, eta Ordiziatik kanpo ere badaudela badakigu. Orain arte egindako probetan 19 positibo daudela esan digute, eta egia da, herrian positiboak ateratzen ari dira. Guri goitik behera informazio askorik ez zaigu iristen, baina behetik gora bai, eta iritsi zaizkigu herritarren kasuak.
Argi dagoena da aisialdi eremuan emandako kutsatzeak direla, eta gaur jakin dugu transmisio komunitario baten aurrean gaudela. Orain ikusi beharko da transmisio horren hedapena zein den.
Zein neurri ezarriko dira?
Horiek ere ez ditugu zehatz-mehatz ezagutzen, neurri horien zehaztapenaren zain gaude, baina aisialdi eremuan hartuko dira. Lokalen edukierak eta ordutegiak mugatuko dira seguru aski, eta maskararen etengabeko erabilera derrigorrezkoa izango da.
Udalak berak hartu ditu hainbat neurri.
Bai, eta eutsi egingo diegu, jakin arte orain arte egindako PCR proba horiek zein emaitza ematen duten. Positiboak zenbat diren jakindakoan, eta positibo horiek ondo isolatuta ditugunean, orduan erabakiko dugu neurriekin jarraituko dugun ala altxatuko ditugun. Badakigu hainbat neurri nahiko zorrotzak izan direla, batez ere haurren parkeen itxierari dagokionez.
Noiz arte jarraituko dute Ordizian PCR probak egiten?
Esan digutenez, oraindik gehiago egingo dira, eta Osakidetzak karpa eremua mantenduko du.
[EUS] Adur Ezenarro alkatearen adierazpenaren zati bat, Osasun eta Segurtasun Saila, eta Osakidetzarekin izandako bileraren ostean. Oraindik ere neurri berrien zehaztapenen zai daudela nabarmendu du, eta maskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu. #ordizia#koronavirusa pic.twitter.com/J6SrwqHgDe
— Ordiziako Udala (@Ordiziako_Udala) July 7, 2020