Adur Ezenarro: "Ez udalak eta ez nik, ez dugu gure gain hartuko erabaki honek eragin lezakeen ondoriorik"
Ordiziako Udalak igandeko hauteskundeetan gerta litekeenaren gaineko kezka helarazi die Osasun Sailburuari eta Hauteskunde Batzordeari. Hauek, bakartuta dauden pertsonek bozkatzera joan ahal izango dutela azaldu dute. Ezenarrok ez du bat egin erabaki horrekin eta esan du ez direla gerta daitekeenaren erantzule egingo.
Ordizian sortu den egoerak eta igandeetako hauteskundeen hitzorduak zeresan ugari eman dute egunotan. Egunotan, Ordiziako Udalak bere kezka azaldu dio Tolosako hauteskunde batzordeari, ez dakielako nola bermatuko den etxean bakartuta dauden herritarren boto eskubidea, eta hauteskunde horiek osasun berme guztiekin egin ahal izango diren. Osasun Sailburuari ere helarazi diote galdera hori gaur goizean Zumarragan egindako bileran. Haren erantzuna izan da, bakartuta dauden herritarrek bozkatzera joan ahal izango dutela, botoa eta maskarila etxetik eramanda. Bozkatzera joaterik izango ez duten bakarrak, azken egunetako probetan positibo eman dutenak izango lirateke.
Horren aurrean, Adur Ezenarro alkateak adierazi du “ez ni eta ez Ordiziako Udala, ez garela inola ere, erabaki horretatik etor litezkeen arriskuen eta ondorioen erantzule egingo”, ez baitakide zein pertsona joango diren egoera horretan bozkatzera, ez eta nola bermatuko den pertsona horiek botoa etxetik eramatea, edota konfinatuta dagoen pertsona horietako batek postibo ematen badu eta beste foku bat sortzen bada. “Erabaki hori ez dagokigu guri, eta ez dugu inola ere gure gain hartuko erabaki horrek eragin lezakeen ondoriorik”.
Ezenarrok azaldu duenez, astelehenetik ari dira hauteskundeetarako aurreikusita zegoen dispositibo guztia montatzen, baina oraintxe Ordiziak bizi duen egoeran, orain arte aurreikusitako neurri horiek nahikoak ote diren galdetu du. Hauteskunde mahaiko kide izateko izendatuta zeuden hainbat herritarrek ere, beraien kezka adierazi diote udalari, horietako batzuk bakartuta baitaude, eta beste batzuk mahaian egoteko beldur direla helarazi diote udalari. Hala, jakin nahi dutena da, batetik, “nola bermatu ditzakegun eskubide demokratiko horiek”, eta bestetik, hauteskundeak modu seguru batean egin ahal izatea. Berme horiek guztiak eskaini ezin badira, udalak balizko atzeratze bat edo beste neurriren bat hartu ote dezakeen galdetu dio hauteskunde batzordeari.
Bestalde, gaur goizean jakin den datua, Ordiziako fokuarekin lotutako 58 kasu daudela, prentsaren bidez jakin dutela salatu du Ezenarrok, inork Ordiziako Udalari komunikatu baino lehen. Udalak koronabirusaren berragerpenari aurre egiteko hainbat neurri hartu ditu egunotan, tartean eraikin publiko guztiak eta umeentzako parkeak ixtea. Gaur jakinarazi dutenez, Oianguko parkean ere neurriak hartuko dituzte, eta selektibitatea egitera joan diren gazteei ere, PCR probak egiteko eskaria luzatu dute.
Lasaitasun mezua
Gaurko bilerara Ordiziako alkatearekin batera, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta eta Tolosako udal ordezkariak ere joan dira. Nagore Etxeberria Itsasondoko alkate-ordeak azaldu du herrian bi kasu agertu direla, eta “kasuren bat dagoen heinean kezkatuta” badaude ere, osasun publikoko arduradunek “lasaitasun mezua” eman dietela. “Ikusiko da egoerak nola eboluzionatzen duen, baina herritarrei ere lasaitasun mezua helarazi nahi diegu”. Segurtasun arauak errespetatzeko deia egin du Etxeberriak, “distantziak mantendu eta maskararen erabilera” zainduz. Itsasondo “herri txikia” dela azaldu du, eta horrek askotan “jendea lasaiago ibiltzea” eragiten duela, baina “birusa oraindik gure artean” dabilela eta neurriak hartzen jarraitu behar dela gogorarazi du.
Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak ere “lasaitasun mezua zabaltzen” saiatu direla azaldu du. Idiazabalen kasuan 2 kasu agertu direla baina “kontrolpean” daudela esan diete, gaixo horiekin harremana izan dutenen arrastoa jarraitzen ari baita Osasun Saila. Lehen bileraren ere izan zen Alberdi, eta bigarren honetara gonbidatu ez bazuten ere, Osasun Sailburuarekin harremanetan jarri eta bertan izan nahi zuela adierazi zion, “herrian dauden kasuengatik arduratuta” baitago. Egoera “dezenteko ziurgabetasunarekin” bizitzen ari direla azaldu du, “foku hau zabaldu zuenean eta Idiazabalen lehen zurrumurruak zabaltzen hasi zirenean” larritzen hasi ziren, gehiago zabal zitekeela eta neurri gogorragoak hartu beharko zituztela pentsatuta. Baina bileran lasaitasun mezua eman zietela, eta ohiko segurtasun neurriak mantentzeko eskatu dietela azaldu du, eta “herriari hori transmititu diogu”.