Alkateak ez du hauteskundeak igandean egiteko bermerik ikusten
Nekane Murga Osasun sailburuak esan du Ordiziako fokuari lotuta 48 kasu positibo atzeman dituztela. Adur Ezenarro alkateak argibideak eskatu ditu kasuen kokapenaren inguruan
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Osasun Sailaren «argitasun falta» kritikatu zuen atzo, Nekane Murga Osasun Sailburuak, COVID-19aren fokuari buruzko datuak eman ostean. Azken egunetan egin diren proben arabera, 48 pertsona daude kutsatuta. Ezenarrok eskatu du zehazteko horietako zenbat dauden Ordizian. Bestalde, datorren igandean hauteskundeak egiteko «segurtasun bermerik eta berme demokratikorik» ez dagoela ziurtatu zuen alkateak.
Ezenarrok azaldu zuenez, udalak jaso duen agindua da, herritar guztiek espazio publikoetan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa dela. Alkateak esan du jakin behar duela Osakidetzak astelehenaz geroztik egindako behaketan atzemandako 48 positiboetatik zenbat bizi diren Ordizian, eta adierazi zuen, Iñigo Urkullu lehendakariak salatzen zuen sentsazioa, Pedro Sanchez Gobernuko presidenteari «argitasun falta» leporatzen zionean, sentsazio hori duela berak ere.
Ezenarrok berak, PCR probak egiten ari diren gunetik gertu egin zen prentsaurrean argitu zuenez, «1.000 pertsona baino gehiago daude etxean konfinatuta emaitzen zain», eta kopuruak gora egingo du probak egiten diren heinean. «Horri dagoeneko positibo eman duten pertsonak eta zuzeneko kontaktuak gehitu behar zaizkio, 10 egunez konfinatuta egon behar dutenak». Gehitu zuen, «herritar horien bozka eskubidea zalantzan» dagoela. Gainera, datu horiek ezagutzeko beharra azpimarratu du, «neurriak hartu eta herritarrak lasaitu ahal izateko».
Ordiziako alkateak adierazi zuenez, Eusko Jaurlaritzak emandako aginduak jaiak bertan behera uztea ezartzen du, eta hori aspaldi egin zen, baina «igandean Ordizian urte osoan egiten den ekitaldirik jendetsuenetako bat egingo da, hauteskundeak, hain zuzen ere». Zentzu horretan, «bozketak egin ahal izateko segurtasun eta demokrazia bermerik ez» dutela ikusten azpimarratu zuen, izan ere, «gero eta bizilagun gehiagok etxean geratu behar du eta ez dute botoa emateko eskubidea bermatuta».
Azaldu zuenez, «martxan zegoen kontingentzia plan bat dago ezarrita, baina agerraldia iragarri baino lehenagokoa, beraz ez da nahikoa Ordiziaren egungo egoeran». Halaber, adierazi du udalak ez dakiela baloratzen Ordizian detektatutako 28 kasuak, 48 kutsatze dituen foku batean, asko edo gutxi diren, eta, beraz, aditu batek gertatutakoaren «balorazio kualitatiboa» egitea eskatu zuen. Bitartean, kiroldegia, liburutegia eta haur-parkeak itxita daude eta azokarik ez zen egin atzo, asteazkena izanda.
Kasu gehiago
Atzoko txosten epidemiologikoak hamaika kasu berri jasotzen ditu. Txosten berak Zegaman eta Zumarragan kasu bana dagoela ere badio. Ezin da ziurtasun osoarekin baieztatu Ordiziako fokuarekin lotura zuzena dutenik. Idiazabalen ere bi kasu agertu dira.