Beasaindarrek Euskaraldiari babes zabala erakutsi diote
42 entitatek eman dute izena arigune edo aittugune moduan. Euskaraz hitz egiteko eremu babestuak dira
Euskaraldia aurkeztu dute Beasainen. Herriko eragile askoren babesarekin, Aittu euskara taldeak euskaraz aritzera animatu ditu beasaindarrak. “Heldu, zahar eta gazte. Gehiago ala gutxiago jakinda ere, euskaraz saiatzeko”.
Bigarren euskaraldia azaroaren 20an hasiko da. Lehen edizioa “ariketa kolektibo ederra izan zen”, antolatzaileen ustetan. “Ariketa kolektibo ederra izan zen. Erakutsi zigun hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela. Euskaraz hitz egiteko pausua emanez gero, entzuteko prest zegoela herritar asko. Ikasi genuen euskarak, besteak beste, elkarrengana gerturatzeko balio digula: elkar ulertzeko eta elkar hobeto ezagutzeko. Euskararen erabilera sustatuz, gai garela herri bizitza aberasteko eta indartzeko”. Oraingoan urrunago iritsi nahi dute, eta ariguneak edo, Beasainen, Aittuguneak, sortu dituzte: “euskaraz eroso eta sano aritzeko guneak edo taldeak dira”, laburbildu dute.
Beasainen, jada, 42 entitatek eman dute izena arigune moduan. Tartean daude kirol eta kultur taldeak, merkatariak, enpresak, alderdi politikoak… “Horregatik, Euskaraldian parte hartuko dugun entitateok elkar lanerako, elkar zaintzeko eta tokiko enpresa eta dendak lehenesteko dei egin nahi diegu gainontzeko beasaindarrei. Euskara sustatuz, herriko merkataritza eta enpresen alde egin nahi dugu. Euskara sustatuz, herritar, bezero eta bazkideekin dauzkagun lotura afektiboak indartu nahi ditugu”. Okerren pasatzen ari direnekin oroitu eta animoak bidaltzeko ere aprobetxatu dute aurkezpena.