Beasaingo udal gobernuak telelanaren aldeko proposamena egin du
Beasaingo Udalak bertako langileen artean kontziliazio erantzunkidea sustatzeko lanketa propioa egin du
Beasaingo gobernu taldeak telelana erregulatzen duen proposamena prestatu du. Helburua udaleko enplegatu publikoen kontziliazioa bermatzea da eta, horretarako, alkatetzak modalitate presentziala eta ez-presentziala uztartzen dituen proposamena egin du. Covid-19ak eraginda, duela hilabete batzuk telelanari ekin zioten udaleko langileek eta esperientzia honek utzitako ondorioekin egindako lanketaren emaitza da proposamen berria. Barne galdetegiaren arabera, hamar langiletik zortzik telelana “onuragarria” dela deritzo.
Beasaingo Udala telelanari esker kontziliazio erantzunkidea errazago lortzen dela sinetsita dago. Etxean eta familian, gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna eta arduren banaketa orekatua lortzea da kontziliazio erantzunkidearen xedea. Gipuzkoako Foru aldundiarekin batera, Beasaingo Udalak Herrilab proiektu pilotua martxan du kontziliazioa bermatzeko.
Proposamena datorren udalbatzan eztabaidatuko dute, uztailaren 30ean. EAJren gehiengoa duenez, proposamenak aurrera egingo duela ondorioztatu daiteke.