Euskal Encounter informatika festa BEC-etik Urretxura itzuliko da
Aurtengo edizioa 'online' izango da eta Urretxuko pilotalekutik dinamizatuko dute. Lehen edizioa bertan egin zen, 1994an, eta bigarrena Legazpiko kiroldegian
Koronabirusa dela eta, aurtengo Euskal Encounter informatika festa online egingo da, hilaren 24tik 26ra. Estatu espainiarreko informatika festa jendetsuena da (iaz 5.088 parte hartzaile eta 16.000 bisitari izan zituen) eta azken urteetan Barakaldoko (Bizkaia) BEC-en egin da. Aurten online egingo denez, ez da halako instalazio handirik behar. Hala, Urretxuko Ederrena pilotalekutik dinamizatuko da. Izan ere, lehen urtean (1994an) festa bertan egin zen Euskal Amiga Party izenarekin; bigarrena Legazpiko kiroldegian egin zen.
Orduan lagun talde batek antolatzen zuen eta egun Euskaltel Fundazioak, baina koordinatzailea ez da aldatu: Sabino San Vicente urretxuarra. «Ekitaldia Commodore Amiga ordenagailuarekin ibiltzen ginen lagun talde batek sortu genuen. Garai hartan Amiga oso ordenagailu aurreratua zen. PC-ek baino soinu eta grafiko hobeak zituen eta bideoklipak egiteko balio zuen. Bilkura hura bakoitzak zer egin zezakeen erakusteko antolatu genuen eta Europako beste herrialde batzuetako lanak ere aurkeztu ziren», oroitu du San Vicentek.
Lehen Euskal Encounter hartan 36 parte hartzaile bildu ziren 25 ordenagailuren inguruan. Internetik ez zegoen eta deialdia fanzine baten bidez egin zuten. Aurten 5.088 parte hartzailek parte hartuko dute. Izena euskalencounter.org webgunean eman behar da. Gaur da horretarako azken eguna.
Egitarau zabala prestatu dute: prestakuntza eta jolas jarduerak, arte digitalaren, programazioaren eta bideo-jokoen esparruko lehiaketak, teknologia berriekin lotutako enpresen gunea… Jarduera gehienak telebistako saio batean eman eta komentatuko dira, Twitch plataformaren bidez, streaming bidez.
Euskaltel Fundazioa
Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaltel Fundazioaren egitekoa pertsona, enpresa eta ekimenen arteko lotura sustatzea da, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabileraren testuinguruan. Urtero topaketa teknologikoak antolatzen ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, informatika eta teknologia zaleek eta profesionalek ezagutzak eta ideiak partekatzeko helburuarekin.