Gipuzkoako erizainek musukoa erabiltzeko deia egin dute
Ikerketa baten arabera, gipuzkoarren ia erdiek ez dute musuko edo maskarilarik erabiltzen. Ordiziako bezalako agerraldiak ekiditeko "funtsezkoa" dela diote erizainek, eta arduraz jokatzeko eskatu dute.
Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak deialdi argia egin die lurralde honetako herritar guztiei: Ezin da erlaxatu, eta kalera irtetean erantzukizunez jokatu behar da. Hala, musukoa edo maskara erabiltzeko eskatu dute, ezinbestekoa baita osasuna bermatzeko eta Ordiziakoa bezalako agerraldiak ekiditeko. “Gipuzkoarrok solidarioak eta arduratsuak izateko ospea dugunez, hala dela erakusteko garaia da, eta ohar gaitezen maskara erabiltzearena ez dela inposaketa bat, baizik eta daukagun gaixotasun sozialari aurre egiteko norbanakoaren betebehar bat”. Elkargoak, Gipuzkoako erizain askoren artean kezka eta haserrea sumatu duela dio, azken asteetan ikusitako jarrera eta irudiak direla medio. Hori dela eta, “kontzientzia sozialaren aldarria” egin dute, eta egoerak okerrera egiterik nahi ez bada, maskara jantzita eraman behar dela.
Kezka ez ezik, “nekea” ere adierazi dute erizainek, “fisikoki zein emozionalki akituta” baitaude. Pilar Lekuona GEEOko lehendakariak jokabide indibidualak alde batera utzi eta Gipuzkoako 5.400dik gora erizain ordezkatzen dituen elkartearen izenean, arduraz jokatu eta osasun gomendio guztiak jarraitzeko deia egin die gipuzkoar guztiei.
Gipuzkoa, gutxien erabiltzen den lurraldea
Espainiako Carlos III.a Institutuak seroprebalentziaren inguruan egindako azken azterketak jasotzen duenez, gipuzkoarren %45,5ek ez du maskararik erabiltzen kaleta ateratzen denean. Estatu mailan, musukoa gutxien erabiltzen den lurraldea da Gipuzkoakoa, eta beste lurralde batzutan, erabilera %95etik gorakoa da. Lekuonaren ustez, “Gipuzkoan birusak beste lurraldeetan baino kolpe txikiagoa” eman du eta jendea “nahiko erlaxatuta” dabil. Hala ere, “hemen ere egoera larria” izan dela azaldu du, eta “birusa gure artean” dagoela oraindik. “Erizaintzako profesionalok lehen lerroan jarraitzen dugu lanean, norbera babesteko ekipamenduekin, maskarekin eta abarrekin”.