Aitor Aldasoro (EAJ): «Gure nortasuna eta lokalaren indarra nabarmendu behar dira»
Aldasoro (Beasain, 1967) legebiltzarkide izateko mugan dago. Asko asebetetzen duen erronka dela dio, eta uste du Beasaingo herriarentzat onuragarria izango dela.
Zeintzuk dira EAJren programako puntu nagusiak?
Lau ardatz markatzen dira: enplegua, giza garapena eta bizikidetza, ingurumena eta autogobernua. Mundu global honetan lokalaren indarra eta gure nortasuna nabarmendu behar dira.
Zeintzuk izango dira datorren legegintzaldi honetako erronka nagusiak?
Enplegua, berraktibazio ekonomikoa, berrikuntza industrian… Klimarekin konpromisoa hor dugu eta energia berriztagarriak jarri behar dira indarrean. Trantsizio hori egin beharra dago, eta horretara iristeko epe motzean egin behar da lan. Gaztedia zehar lerro bat da, guztia ukitzen duena, berdintasuna eta euskara diren bezala. Eta, noski, osasuna. Egoera honek argi erakutsi digu osasun sistema indartsua behar dugula.
Goierrik nolako pisua izango du EAEn eta Legebiltzarrean?
Guk dugun sare industrialari begira, nik uste dut guk ditugun ardatzetan bat datorrela Goieki garapen agentzia. Indartsu dago, eta eredu horretan sinesten dugu, garbi. Eredu horren eskutik etorri behar dute enplegu sustapenak, formakuntza planak… Lurralde mailan liderrak diren enpresak ditugu: CAF, Indar, Ehun, Guerra… Liderrak dira euren sektoreetan, eta ezinbestekoa da hauei laguntzak eskaintzea eta koordinatzea. Goieki egiten ari den lana indarrean jarri nahiko nuke, koordinazio lan horretan Goierri Valley bezalako elkarteak sortuz eta sinergiak aprobetxatuz.
Kontziliazioa ere aipatu nahiko nuke. Beasainen badugu kontziliazioa sustatzeko proiektu bat Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
EAJko zerrendetan bi goierritar zaudete, baina ikusteko dago bietakoren batek joateko aukera izango duen.
Politika ez da soilik legebiltzarrean egiten. Guk politika kate begi bat bezala ulertzen dugu: Lehendakaria egongo da punta batean, gero kontseilariak daude, zuzendariak, legebiltzarkideak… Guri dagokiguna da gure arazoak plazaratzea eta alderdikideei helaraztea konpondu behar diren tokian konpontzeko. Berdin gertatzen da Madrilen: Aitor Esteban Beasainen egon izan da trenbidearen inguruko garapen nahi horiek ezagutzeko eta han aurkezteko. Goierrik badu itzala. Eta, legebiltzarkideak hemengoak izan edo ez, gizarteari orokorrean eman behar dio zerbitzua.
Zerrendan hamaikagarrena zara, legebiltzarkide izateko mugan.
Jendearen babesak eramango nau. Asko asebetetzen nauen erronka da. Aurretik izan ditut udaletik goragoko karguak eta asko janzten zaitu, perspektiba aldatzen dizu. Bizitzarako garrantzitsua da eta politikari beste ukitu bat ematen dio.
Alde berean legebiltzarkide eta Beasaingo alkate izateak zure jarduna oztopatu dezake?
Beasaingo herriarentzat mesedegarria izango da. Azkenean ezagutza pilatzen duzu eta hori ezinbestekoa da. Sormena ere bereganatzen duzu, geroz eta leku gehiago eskatzen duela.
Udal legegintzaldiko lehen urtea pasa da. Zer balorazio egiten duzu?
Urte bat edo bost igaro dira, proiektua 2015ean hasi genuen eta. Tirrika-tarraka betetzen ari gara, aurrera pausoak ematen. Hortaz, balorazioa positiboa da. Akatsak akats, ezinbestekoa da positiboa izatea. Lan gehiago eta hobea egiteko animoak eman behar dizkizu egindakoak, bestela galduta zaude.
Hauteskundeetara itzulita, aurreikuspen guztiek Urkullu jotzen dute Lehendakari datozen lau urteetarako. Lasaitasuna ematen du horrek?
Lanarekin husteak ematen du lasaitasuna. Gu saiatzen gara dugun onena ematen, eta botoena ondorio bat da. Aurreikuspenak eta inkestak orriak betetzeko balio dute, besterik ez. Herritarrei bozkatzera joateko deia egin behar zaie, ariketarik parte hartzaileena hauteskundeak baitira. Zailtasunak zailtasun edo bitxikeriak bitxikeria, aurten inoiz baino premia handiagoa dago jendeari bozkatzera joateko deia egiteko. Legebiltzarrik gabe gaude, apirilaren 5eko hauteskundeetarako desegin egin baitzen. Eta inoiz gobernu indartsu bat behar badugu orain da unea. Aurrekontuak berandu baino lehen onartu behar dira.
Halere, ez dago argi EAJk gehiengo osoa lortuko duenik eta, beharbada, koalizioak bilatu beharko dituzue.
Hori sanoa da. Euskadik eta alderdiak askotan erakutsi du herritarren onurarako gobernu sendoak osatzeko elkarren artean ados jartzeko gaitasuna. Eskutik helduta joan behar izateak esan nahi du ezin duzula zurean ehuneko ehunean egin, besteena ere kontuan hartu behar duzula. Demokraziaren oinarrizko baldintza da hori, baldintza naturala da.
Koalizioak koalizio, Iñigo Urkullu Lehendakari ikusten duzu?
Lehendakaria indartsu dago. Oinarriak garbi jarri ditu urteetan zehar eta koronabirusak azaleratu egin ditu. Ez dakit Osakidetza eta osasun sistema kudeatzeko azterketa izan den, baina argi ikusi da ardatzak ongi ezarrita ditugula.
Ekonomia arloan ere egundoko erronka dugu. Hitza eman genuen langabezia %10ekoa baino txikiagoa izango zela eta koronabirusaren erruz ez dugu lortuko, baina bestelakoan ia geunden langa horretatik behera. Berriz hartuko dugu konpromiso hori.
Zergatik fidatzen dira herritarrak zuekin?
Nire inguruan ikusten dudan EAJk eta EAJ osatzen duten pertsonek beretik uzten dute asko. Dutena herriari ematen diote, zintzo lan egiteko konpromiso irmo bat dago. Herrigintza dago atzean. Gure akats guztiekin, jendeak gure lanari eta lan egiteko moduari erantzuten dio.
Jeltzalea ez den norbait nola konbentzituko zenuke?
Ongizatean aurrera pausoak eman nahi badira atzera begiratzea besterik ez dago. EAJren eskutik eman dira ongizate arloko pausorik nabarmenenak. Lau urte ez beste guztietan EAJ egon da kudeaketan, eta urte horiek atzera pausoa suposatu zuten.
Koronabirusak bozen emaitzetan eraginik izango du?
Bi baldintza eduki ditzake: osasun ikuspegitik, hau da, bozkatzera joateak jendeari sor diezaiokeen atzera pausoa; eta, bestetik, jendeak birusaren inguruko kudeaketa nola ikusi duen sarituko edo zigortuko dezakeela botoarekin. Argi dago estatutik ezarritako aginpide bakarrak baldintzatu egin duela gure jokatzeko modua baina nik uste dut Osakidetzak oso nota altua atera duela.