«Guztiek daramate maskara, baita espazio irekietan ere»
Ordiziako kaleetan jende kopuruak behera egin du eta komunikabideen presentzia areagotu da .Herritar askok etxetik premiazkoa dena bakarrik egitera ateratzeko erabakia hartu du
Azken egunetan, COVID-19aren fokua bakarrik ez, komunikabideek hara bideratu dituzte haien fokuak ere, eta normala ere bada, azken hilabeteetan koronabirusa izan baita albiste nagusia. Goizetik hasita, argazkilari,
telebista kameralari, kazetari… zaila da esaten zenbat komunikabidek eta informazio agentziek jarri duten Ordizian kanpamendua, baina badira batzukbatzuk.
Herritarren artean, azken egunotan bolo-bolo dabil agerraldiaren gaia, zaila da beste hizketaldi bat entzutea. Taberna baten baino gehiagotan, atzo, 12:00etan Nekane Murgaren agerraldia zuten jarrita telebistan. Gaiak, «kezka» sortu du eta «jakinmina dugu herritarrek». Taberna barruan, jende gutxi, barran zerbait eskatzeko zeudenak eta tabernariak. Guztiak maskarak jantzita. Terrazan ere, ez zen jende askorik. Eskatutakoa edateko kentzen zuten maskara.
Nabari zen, han zeudenek, jarraibideak ondo bete nahi zituztela. Kezka baita ere Barrena parkera begira dagoen balkoian kokatu duten PCR probak egiteko gunean sartzeko hilaran dagoen Ordiziako familia batek agertu
duena. Atzokoan, ez zen aurreko eguneko ilara hain luzerik, baina une batzuetan, ia Gudin tabernarainokoa zen. Ilarako familiarekin jarraituz, ez zuten izenik eman nahi izan, haien intimitatea zaintze aldera. Lau dira etxean,
aita, ama, eta seme-alaba nerabeak. Proba egiteko zain daude, «bizi diren atarian, pertsona batek positibo eman duelako». Atarian, «abisurik ez dute jarri» baina bizilagunak «maskara jantzita eta higiene neurriak errespetatzen ari» direla esan zuten.
Dena den, hau guztia azaleratu zenetik «etxetik oso gutxi atera» direla kontatu dute, «badaezpada». Erabaki dute «inork derrigortu gabe etxean geratzea eta premia-premiazkoa denean bakarrik ateratzea, erosketa egitera,
zaborra botatzera edo gaurko kasuan, PCR proba egitera». Etxeko lauak maskara jantzita, hain zuzen, maskaren erabileraren inguruan horrela esan dute: «Azken egunetan nabaria da kalean, herritar guztiek daramate maskara, baita espazio irekietan ere». Seme-alabak, oporretan daude jada eta gertatzen ari dena zer moduz daramaten galdetuta, erantzun dute, «igandetik etxetik atera gabe» daudela, eta «ongi!». Egoera honetan zer egin garbi dute nerabeek ere, «etxean geratu!».
PCR proba egin eta etxera
Ordiziako familia horrek kontatutakoa da kalean orokortzen dena. Baina, badago oraindik, nola jokatu ondo barneratu ez duenik. PCR proba egin eta oraindik, baten batek ez du etxeko biderik hartu. Izan dira horrelako kasu batzuk azken egunetan. PCR proba egin eta tabernara joan dena, eta taberna bateko terrazan eserita egonda, proban positibo eman duela jakin eta orduantxe mahatik jaiki eta etxera joan dena.
Horrelakoen aurrean, udaletik mezua garbia da: «PCR probak egin eta emaitzak jakin arte etxean sartzea komeni da».