Hauteskunde Batzordeak lasaitasun mezua eman du eta esan du igandean "arazorik gabe" bozkatu ahal izango dela
EH Bilduk egindako eskariari erantzunez, Gasteizen bildu da gaur EAEko hauteskunde batzordea, Ordiziako kasua eta bertan segurtasun neurriak eta boto eskubidea nola bermatu daitezkeen aztertzeko.
Ordiziako koronabirus kasuen berragerpenak kezka eragin du, ez osasun arloan bakarrik, baita igandeko hauteskundeetan izan lezakeen eraginaren inguruan ere. EH Bilduk egindako eskariari erantzunez, EAEko Hauteskunde Batzordeak ezohiko bilera egin du gaur goizean, Gasteizen, gaia aztertzeko. Ez dute inolako neurririk iragarri, eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan diote gizarteari, “hartutako neurriak osasuna eta boto eskubidea” bermatuko dutela, eta igandean “arazorik gabe” bozkatu ahal izango dela esanez. Gainera, Osasun Sailari eskatu dio, lasaitasun mezu hori eman diezaiola euskal gizarteari.
Gaur goizean izandako bi bileren ondoren -hauteskunde batzordeaz gain, Ordiziako kasuen jarraipen batzordea ere bildu da-, eragile ezberdinek baieztatu dute, COVID-19aren PCR probetan positibo eman dutenek ezin izango dutela ez bozkatu, ez eta hauteskunde mahaietan parte hartu ere. Baina probak egin eta emaitzen zain, edo etxean autokonfinatuta dauden herritarren kasuan zer gertatuko den zen zalantza nagusia. Nekane Murga Osasun Sailburuaren arabera, herritar horiek inolako arazorik gabe joan ahal izango dute botoa ematera, beti ere segurtasun neurriak beteta. Botoa eta maskarila etxetik eramateko eskatuko zaie.
Etxean dauden pertsona horien botoa beste era batera jasotzeko aukerak aztertzeko eskatu du EH Bilduk, baina momentuz, hauteskunde batzordeak ez du horrelako neurririk iragarri.