«Mitoaldia eta Gau Ibilaldia urrian egingo ditugu aurten»
Ataunen aste honetan ziren egitekoa Mitoaldia, laugarren aldiz, eta zapatuan Gaueko Ibilaldi Mitologikoa. Urrira atzeratu dutela azaldu du Mikel Egiguren (Ataun, 1973) Jentilbaratzeko kideak.
Mitoaldia egitekoa zen egun hauetan. Atzeratzea erabaki duzue.
Bai. Laugarren Mitoaldia izango zen. Astebete edo hamar egun izaten dira, ekintza ezberdinekin hornituak: hitzaldiak, museoan ekitaldiak… Mitologiarekin zerikusia dutenak, beti ere, eta bai gazteei eta bai helduei zuzenduak. Bukaera Gaueko Ibilaldiarekin ematen genion, zapatuan. Uztailaren 11rako zegoen pentsatuta hori. Koronabirusarekin, ikusi genuen nola zegoen gauza eta ezinezkoa izango zela egitea; ziurgabetasunaren aurrean, atzeratzea pentsatu dugu.
Noizko?
Urrira arte atzeratu dugu. Pilarika [urriaren 12a] astelehena da baina jai tokatzen denez, urriaren 11n jartzea pentsatu dugu: igandean baina jai bezperan. Ordutegia egokitu beharko dugu, lehenago ilunduko duelako udazkenean, eta ilunbistan hasten delako ibilaldia. Asmoa hori da. Bestetik, eta posible baldin bada, aurreko egunetan, urriko lehenengo astean edo 1etik 11rako tartean, Mitoaldiko ekintzak antolatzeko asmoa dugu.
Udazkenean auskalo zer egoera dagoen, baina data jarri behintzat, ezta?
Bai. Irailaren hasieran, oporretatik itzulitakoan, zirt ala zart egin beharko dugu. Ibilaldia prestatzeko bost-bat aste behar izaten ditugu. Gidoia bukatzear dago, jada prestatuta. Horrek ondoren dakar ondoren pertsonaiak pentsatzea, aktoreak bilatzea eta entseguak egitea. Bost-bat asteko aurrerapena beharko dugu Gaueko Ibilaldi Mitologikoa prestatzen. Oraingoz, espero dugu egin ahalko dugula.
Mitoaldian, urtero antzeko egitura izan arren, beti berritasunen bat edo gai bereziren bat txertatzen duzue. Aurtengoak zer dakar berritik?
Zehaztu gabe daukagu. Mitologiaren munduarekin zerikusia duen hizlari bat pentsatuta genuen, baina egitaraua oraindik lotu gabe daukagu. Ibilaldi gidatu bat ere egin izan dugu, elkarteko kide Jon Aizpuruarekin. Barandiaranen inguruko ibilbide bat egiten da: bizi izandako ingurua, han jasotako edo kokatutako kontakizunak, auzoa, zer pertsonaia inportante izan diren auzo horretan sortuak, zer egin duen bakoitzak… Ukitu hori ere eman nahi izan diogu Mitoaldiari. Iaz Perurena etorri zen, lotura zuzena ez du agian mitologiarekin, baina bere kontakizuna egin zuen. Ikuspegi desberdina ematen saiatzen gara, ez jentilei eta sorginei buruzkoa soilik, testuinguru batekin jokatzen duena baizik. Joseba Aurkenerena aditua ere etorri zen, gaia ondo landuta. Museoan eskola-umeentzat ekintzak ere egiten dira, ipuin antzeztuak eta. Bestetan, uztailean oporretako aisialdi eta udalekuetatik etorri ohi ziren; aurten, kurtsoa hasita egoteak gehiago lagunduko du agian.
Gaueko Ibilaldia da, hala ere, harribitxia. Horren inguruan artikulatzen duzue Mitoaldia bera.
Berezia da. Gauak ematen dion misterio kutsuarekin eta Ataunen erabiltzen ditugun pertsonaiak ardatz hartuta, historia bat pentsatzen da, eta hari horren inguruan antzezpen ezberdinak egiten ditugu. Orain ikusle-jende kopuruak murriztu beharko ditugu agian; aurreko urteetan mila lagun etorri izan dira. Gaur egun, kopuru horiek mugitzea ez da erraza. Gainera, lege kontuak ere badaude. Kezka puntu bat badaukagu, alde horretatik, eta agian murriztu beharko da. Baina lehenengo planteamendua da egitea; eta, gero, uda bukatu ondoren, zehaztasunak pentsatzea. Izen-emateak orduan zabalduko ditugu, ea zer ematen duen. Oraindik ere ezjakintasun eta zalantza puntu bat badago, eta horrek antolatzeko garaian ardura edo kezka sorrarazten du.
Bitartean, lanean buru-belarri segiko duzue?
Aurten igual apalago besteetan baino, baina izango den pentsamenduarekin. Baina egiten duguna txukun prestatuta, eta ea ondo ateratzen den.
Udazkeneko eguraldia, kezka iturri?
Normalean, Euskal Herrian laguntzen du udazkenak giro aldetik. Ea horrela izaten den.
Gainontzean, uda partean beste ekimenik egiteko asmorik badu Jentilbaratza elkarteak?
Barandiaran Museoak antolatu ditu ekimen batzuk, eta han zentratuko da udako eskaintza. Mitologiarekin lotutako orientazio jolasak umeentzat egin ditu, adibidez, oso kuriosoak. Baina denok ere itxaroan bezala gaude. Egun batzuk kanpoan igaro ditugu, eta turismoa ere gutxi sumatu dugu. Jendea asko ez da mugitu, nahiz San Joan ingurua oraindik garaiz antzean izan litekeen.
Bestetik, bi urtean behingo Jentilen Etorrera antzerki ‘handia’ ez da aurtengo azaroan egingo, iaz egin baitzenuten.
Aurten ez da tokatzen, datorren urtean egingo dugu. Hala tokatu da, eta leku itxi batean denez, lasaiago geratzen gara, alde horretatik. Hurrengo urtean, gainera, Jentilen Etorrera antzezpenaren 40. urteurrena izango da. Data berezia da. Orain, indarrak hartu, eta gauzak ea ondo prestatzen ditugun.