Ordiziako fokuarekin lotutako kasu kopurua 58ra igo da, eta eskualde eta lurralde gehiagotara ari da zabaltzen
Goierriko hainbat herritan agertu dira kasuak, baita Tolosaldean eta Bizkaian ere. Musukoaren erabilera Ordizian bakarrik derigortu dute, momentuz
Ordiziako koronabirus kasuen berragerpena aztertzeko jarraipen batzordeak bigarren bilera egin berri du gaur, Zumarragan. Nekane Murga Osasun Sailburuak azaldu duenez, dagoeneko 58 dira Ordiziako fokuarekin lotutako kasuak -atzo baino 10 gehiago-. Kasu berri horiek, ordea, ez daude Ordizian fokalizatuta, gaitza beste eskualde eta lurralde batzutara ere hedatzen ari baita. Momentuz Idiazabalen eta Itsasondon baieztatu dituzte kasuak, baina herri gehiago izan daitezke; Tolosaldean, Araban eta Bizkaian ere agertu dira, denak Ordiziako fokuarekin lotuta.
Jarraipen Batzordean, Osasun Sailak, Osakidetzak eta hainbat udal ordezkarik parte hartu dute.Lehen bileran izan ziren Ordizia eta Idiazabalgoez gain, Itsasondo, Legorreta eta Tolosako alkateek ere parte hartu dute gaurko saioan, herri horietan ere agertu baitira kasuak, nahiz eta oraindik ez duten datu zehatzik eman. Murgak “elkarlana eta guztiok batera egiten ari garen lana” azpimarratu nahi izan ditu. Hainbat datu ere eman ditu; astelehenetik 2.300 PCR azterketa egin dituzte Ordizian, eta horietatik 2.200en emaitzak badituzte dagoeneko; azterketa horietan positibo emandakoak 35 dira, baina inguruko herrietan eta azterketa horiek egiten hasi aurretik izandakoak batuta, guztira 58 lirateke foku horri lotutako kasuak. Atzo, Gipuzkoa mailan 15 kasu berri agertu zirela azaldu du, horietatik 12k dute lotura Ordiziarekin. Hamabi horietatik sei, gainera, aurrez positibo emandakoen senide eta lagunen artean lokalizatu dituzte. Gipuzkoan agertu diren beste 3 kasuek, momentuz behintzat, ez dute Ordiziako fokuarekin loturarik, nahiz eta horiek ere aztertzen ari diren.
Ordizian koronabirusaren testak egiteko jarritako karpak “erabilgarriak” direla azaldu du Murgak, eta momentuz behintzat, bertan mantenduko dituztela, azterketa gehiago egiten jarraitzeko. Fokua zabaldu zen tabernetan egondakoei egin zizkieten probak lehen fase batean, baina orain, haiekin kontaktua izan duten senide, lagun eta abarri ere egiten ari dira, baita Ordiziatik kanpo bizi baina nolabaiteko harremana izan dutenei ere.
Maskararen derrigortasuna, Ordizian bakarrik
Koronabirus kasu berrien hedapena ekiditeko hartu dituzten neurrien artean, musukoa edo maskarilaren erabilera derrigortu egin dute Ordizian. Kazetarien galderei erantzunda, sailburuak momentuz ez du neurri hori inguruko herrietara zabaltzeko beharrik ikusten. “Metro eta erdiko distantzia mantendu ezin den leku eta momentu guztietan musukoa erabiliko bagenu, ez litzateke beharrezkoa izango derrigortasun maila igotzea, kontua da arau bat dagoela eta ez dela betetzen ari”. Hala ere, fokuaren garapenaren arabera, neurri berriak aztertuko dituztela azaldu du.
Hauteskundeen inguruan galdetuta, Murgak dio 58 kasu horietatik erdiak inguru direla Ordiziakoak, eta haien senide eta ingurukoei PCR azterketak egiten ari zaizkiela. “Baliteke datozen egunetan kasuren batzuk gehiago agertzea, atzo sei gehiago agertu ziren, baina esan behar da Ordizian, momentu honetan, PCR azterketan positibo eman dutenak hogeita piko direla”.