Posturik gabeko salmenta xumea
Ordiziako azoka bertan behera uzteko erabakia hartu beharra zaila izan da, eta aste bakarreko kontua izan dadila da denen nahia. Aurrez egindako eskariak bakarrik banatu dituzte.
Ustekabean etorri da. Erabakia bat- batean hartu beharra izan da. Azoka bertan behera uztea asteartea goiza ondo aurreratuta erabaki zen. Ekoizle eta gainerako saltzaile guztiei banan bana deitu zieten D’elikatuzeko arduradunek. «Lehenbizi harridura, baina egoera ulertu dute», dio Leire Arandiak. «Jendea jokoz kanpo harrapatu du kontu honek eta ustez normaltasun berrira ohitzen hasiak ginenean kolpe fuertea izan da».
Hainbat ekoizleen iritzia jaso dugu eta kezka da nagusi. Produktu askoko garaia da eta galera handia sortzen du produktuei momentuko irtenbiderik ez emateak. Produktu horiek ezin baitira gorde, piper, tomate… «Ordiziako Udalaren kontra ezin da hitz egin, aurretik erakutsi baitu lehen sektorearen aldeko apustua, lana gogotik eginez momenturik zailenetan». Elkarren ondoan jarri ohi diren Beñat Telleria eta Iñaki Insaustik, atzo ere elkarrekin Ordiziara joanak ziren egindako enkargu apurrak eramatera: «Egoera ulertezin honetan zalantzak hor segitzen du, supermerkatuei ere, guri bezalako zorroztasunak ezartzea litzateke normalena, eta…?».
«Ziurtasun eza»
Hausnarketa horrekin bat egiten zuen Naroa Irigoienek ere. «Egoera berria da eta ziurtasun falta honetan hartutako erabakia ulertzekoa bada ere, etorkizunean gure sektoreari bermea emango dioten bideak ireki beharrean gaude, ustekabean hartuak izan ez gaitezen, hain ahul harrapa ez gaitzan», Judith Gartziak.
Bezero batzuk oso kritiko
Gordin ari zen bezero taldetxo baten hitzak ere jaso ditugu: «Hots handia ateratzen ari dira kontu honekin, ez dakigu benetan hain arriskutsua ote den edo hori sinestarazi nahi ote diguten, beste hamaika arazo ezkutatzeko, sorgin ehiza irudi du honek», zioten izena ez agertzea galdetzearekin bat.
Telefonoz eskaera gutxi jaso zituzten atzo, % 10era ere ez da iristen. Leire Arandiak zioenez, «astero horrela egiteko ohitura dutenak segitu dute, baina etortzen direnen artean erreakzionatzeko astirik ere ez da izan». Eta ulertzekoa da, azoka ez baita soilik saldu eta erosi, elkargune egokia baizik.
Aurkeztu ahal izan ez dituzten nobedadeak ere prest zituzten Ordiziako azokako ekoizleek eta saltzaileek: orburu landareak Esther Illarramendik eta Pak-choi aza Aramako Arantxa Zurutuzak: «Sortak ia prest genituen, galera beti txikienentzat izaten da horrelakoetan».
Atsekabea
Hauxe Adur Ezenarro alkatearen hitza: «Atsekabetuta». Hunkitua harrapatu dugu herriak bizi duen egoeraz eta azokarekiko hartu behar izan den erabakiaren aurrean. «Oso erabaki zaila izan da, momentu gogorrenetan lanaren poderioz mantentzea lortu dugu eta orain, ez baitakigu zeri aurre egiten ari garen, zuhurtziaz neurri hau hartu dugu».
Aho batez denbora gutxirako izatea espero dute denek, ekoizleek, bezeroek eta alkateak berak ere, «datorren astean egingo dela espero dugu, ez dakigu ze bertsiotan baina gure eskutan dagoen dena egingo dugu».