Tabernetako edukiera erdira mugatuko dute Beasainen
Beasaino Udalak eta herriko ostalariek koronabirusaren kutsadura kasuak ekiditeko neurriak indartzea eta zorrotz betetzea erabaki dute:
Beasaingo Udalak eta herriko ostalariek tabernetako edukiera erdira mugatzea, nahitaez eserita kontsumitu behar dela eta asteburuetan gehienez ordu biak arte zabalduko dutela erabaki dute. Neurriak zorrotz bete behar direla ere onartu dute.
Kutsadurak ekiditea da helburua. Beasainen ez dago kutsadura fokurik eta udaletik lasaitasun mezua helarazi dute. Halere, ostalaritza guneak mugatu dituzte koronabirusa zabaltzeko guneak izan daitezkeelako.
Gazte lokalak dira beste gune arriskutsuetako bat eta hauek ere mugatu dituzte: asteburuetan itxita egon beharko dute eta aste barruan 23:00ak arte, betiere, hamar laguneko edukierarekin.
Segurtasun tarteak mantendu ezin direnean musukoa derrigor erabili behar da eta eskuak sarri garbitu behar dira.