Zumalakarregi museoak ibilaldi komentatua antolatu du larunbaterako
Clara Gutierrez biologo eta etnobotikariak gidatuta, txangoa egingo dute bide berdean, eta ibilbidean jasotako landareekin, sukaldaritza tailerra izango da ondoren
Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen XI. eguna egingo dute larunbatean. Horren harira, Zumalakarregi museoak antolatutako ibilaldi komentatua egingo dute. Clara Gutierrez biologo eta etnobotikariak gidatuko du txangoa. Ondoren, sukaldean ere ariko dira.
Ibilaldian landareak identifikatu eta jasoko dituzte parte hartzaileek Gutierrezek lagunduta, eta ondoren landare horiek dastatzeko aukera ere izango dute. 09:30ean Liernitik irtengo dira, Troi bidetik barrena, landare espezie jangarri eta medizinalak ezagutu eta biltzeko.
Mutiloara iristean, Gutierrezek tailer gastronomikoa gidatuko du; bidean jasotako landareak sukaldatzeko teknikak erakutsiko dizkie parte hartzaileei eta dastaketa saioa ere egingo dute. Bazkalostean, 15:30ean, Liernira itzuliko dira XI. Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen egunari amaiera emateko. Dohaineko ekintza da, baina plaza mugatuak daudenez izena eman behar dute interesdunek, mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 943 88 99 00 telefono zenbakira deituta.
Hamar urte
Duela hamar bat urte eraiki zuten Mutiloa eta Ormaiztegi lotzen dituen bide berdea. Mea garraiatzeko erabiltzen zuten garai batean trenbidearen bidean oinarrituta. 4,5 kilometrokoa da, eta oinezkoentzat nahiz mendi bizikletan bidea egin nahi dutenentzat dago egokituta.