Carlos Moranek 3000kmxNahia erronkaren lehenengo kilometroei ekin die
Zegamako plazatik atera da 15:00etan, eta gaurtik hasita 1.000 kilometro egingo ditu korrika Zegama-Aizkorri maratoiko ibilbidean. Aurretik, baina, Nahia Gomezekin batera herriari itzulia eman diote.
3000kmxNahia erronka eta proiektuaren aurreneko kilometroak egin ditu Carlos Moranek. Zegamako plazatik irten da Aizkorrira bidean. Guztira 3.000 kilometro egingo ditu giltzurruneko gaixotasun ezezagun bat ezagutarazteko. Nahia Gomez zegamarrak duela pare bat urte garatu zuen Glomerulonefritis focal y segmentaria corticorresistente izeneko gaitza, eta horri buruzko informazioa hedatzea dute helburu egitasmoaren bidez.
Hiru zatitan beteko du erronka eta gaur lehenengo zatiari ekin dio: 1.000 kilometro egingo ditu Carlos Moranek Zegama-Aizkorriko ibilbidean hainbat egunetan banatuta. Hamar aldiz baino gehiagotan amaitu du Zegamako maratoia, eta hiru aldiz Tor de Geants lasterketa. Helburua, halere, ez da ahalik eta lasterren bukatzea, hurrengo etapetara ongi iristea baino, eta egunekoa amaitzean Txanton tabernan utziko du dortsala herritarrek erronkaren zein puntutan dagoen jakin dezaten.
15:00etan abiatu dira, Moran eta beste bi lagun. Baina lehenengo Nahiarekin herriari itzulia eman diote. Hamarnaka herritar bildu dira herriko plazan erronkaren hasiera ikusi eta animatzeko.Lehenengo 1.000 kilometroak amaitzean bigarren eta hirugarren zatiak egingo ditu: beste 1.000 kilometro txirrinduan eta azken 1.000 kilometroak asfaltoan korrika.