COVID-19ak baldintzatuta egingo dira igandean hauteskundeak
Koronabirusaren Ordiziako zabalkundean kutsatutakoek ezingo dute botoa eman. Hauteskunde Batzordeak bozak bermatu ditu. Neurri estuak hartuko dituzte hauteslekuetan, eta aldaketak izango dira hainbat herritan.
Politika-proposamenak eta alderdien mezuak bigarren lerrora igaro dira Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeen kanpainaren hondarrean. COVID-19aren birzabalkundeak atezuan jarri ditu herritarrak, eta Ordiziako agerraldiak bereganatu du arreta guztia. Lehendik ere koronabirusak asko eragindako giroari, izurritearen zuzeneko erasana batu zaio, azken aste honetan.
Hauteskundeak egitearen ala ez egitearen komenientziaz galdetzeraino baldintzatu du egoera COVID-19ak. EAEko Hauteskunde Batzordeak atzo goizean ebatzi zuen egitearen aldeko erabakia, bi orduko bilera telematikoan: «Bermatuta dago» hauteskundeak egitea. Hala eta guztiz, Osasun Sailari eskatu dio herritarrei «ondo» jakinaraz diezaiela botoa emateko zer neurri, muga eta protokolo ezarriko diren.
Ordiziako alkate Adur Ezenarrok astean zehar behin baino gehiagotan adierazi du ez dagoela hauteskundeak egiteko baldintzarik. EH Bildu alderdiak berak, asteazkenean galdetu zion Hauteskunde Batzordeari, eta atzo hiru herrialdeetako batzordeei eskatu zien eskatu zien positibo eman dutenen eta berrogeialdian daudenen boto eskubidea ziurtatzeko bitartekoak jarraraz zitzala.
Ordizian duela astebete agertutako birus fokuak kutsatutakoak 58 direla jakinarazi zuen Nekane Murga Osasun sailburuak atzo goizean, Zumarragako Ospitalean jarraipen batzordearen bigarren bilera bukatu ondoren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 30 kasu gehiago zenbatu ziren astezkenean.
Kutsatuek ezin bozkatu
Zalantza eta ezin giro horretan, atzo zehaztu zuen Osasun Sailak hauteskundeei zuzenean eragiten dien neurria: koronabirusarekin positibo emanda dauden herritarrek ezingo dute igandean bozkatu. Ordiziako agerraldiko 58 kasuetatik, erdiak dira bertakoak: 30. Gainontzekoak, Goierrin eta Gipuzkoako beste eremu batzuetan «sakabanatu» dira, baita Bizkaira iritsi ere.
Azken txosten epidemiologikoaren arabera (asteazken gauerdian ateratakoa), Ordizian 30 kasu, Itsasondon 5, Idiazabalen 2, Legorretan bat eta Zegaman bat daude, Ordiziako birsortzearekin lotutakoak. Goierrin 40 kasu dira denera.
Kutsatutakoen senitartekoek edo haiekin harremana izan dutenek bozkatzeko aukera doia edukiko dute. Berrogeialdian daudenek eta PCR probetan negatibo eman dutenek, botoa etxean prestatuta joan behar dute hauteslekura, atzera jarraian etxera itzultzeko.
Konfinamendurik ez
Oro har, hautesle guztiei aholkatu die Segurtasun Sailak botoa etxetik prestatuta eramateko, hauteslekuan gutunazalak eta paperak hartzen ibili beharrik izan ez dezaten. Sarrera-irteerei, ilarei eta osasun-segurtasunari buruzko protokoloa ere jarri du.
Koronabirusaren kutsatu kopurua igotzen ari den arren, izurritearen zabalkundea «geratzen» ari direla adierazi du Murga sailburuak. Hauteskunde Batzordeak, bere aldetik, segurtasuna bermatuta dagoela gaineratu du bozak egiteko.
Konfinamendu orokorrik ez dutela ezarriko argitu du Murgak. Maskararen erabilerari buruz, berriz, Ordizian soilik zen atzo behintzat edonoiz eta edonon kalean nahiz leku itxietan nahitaezkoa, metro eta erdiko tartea egon ala ez. Hala ere, Ertzaintza eta udaltzaingoak herritarrei jartzeko esaka ari dira inguruko herrietan ere. Atzo, ohi baino jende gehiago ikusten zen Beasaingo edo Lazkaoko kaleetan musukoa jantzita.
Emaitza ezezik, etzi hauteskundeak ere ikuskizun daude.