«Geltokietako auzoko jaiak oso festa parte hartzaileak dira»
Gaur ziren hastekoak Zumarraga eta Urretxuko geltokietako auzoko jaiak. Aitor Gabilondo eta Maialen Zufiaurre auzotarrak Jai batzordeko kideak dira.
Non bizi zarete?
Maialen Zufiaurre: Ni plaza laranjan (Domingo Mendiaraz plaza) bizi naiz.
Aitor Gabilondo: Ni Labeaga 45en. Eguzkia tabernaren gainean.
Auzotarrak izanda, zuentzat betidanik izango dira bereziak geltokietako auzoko jaiak.
Zufiaurre: Hala da. Festa hauek umetatik bizi izan ditugu. Jai batzordean sartu ginenetik, bereziagoak dira oraindik.
Noiz hasi zineten Jai batzordean lan egiten?
M.Z.: 22 urte ditut eta 15-16 urterekin hasi nintzen. Kuadrillako asko auzokoak gara, Jai batzordean giro ona dutela ikusi genuen eta parte hartzea erabaki genuen.
A.G.: 31 urte ditut eta 18 urte ingururekin hasi nintzen Jai batzordean. Kuadrillako hiruzpalau lagun auzokoak gara eta laguntzea erabaki genuen. Niretzat ere festa hauek oso bereziak dira. Umetatik ekitaldi guztietan parte hartu dut.
Garai batean auzo hau Urretxu eta Zumarragako oparoena izan zen. Nola ikusten duzue egun?
A.G.: Umea nintzenean taberna giroak egun baino indar handiagoa zuen. Urte batzuetan nahiko hilda egon da. Zorionez, azken urteetan auzoko tabernek indarra hartu dute eta plaza inguruko dendak oso ondo lan egiten ari dira. Gainera, jaietako parte hartzeak gora egin du. Nire ustez, auzoa bizia berreskuratzen hasi da.
M.Z.: Merkatariek lan taldea osatu dute eta ekimen asko antolatu dituzte, ostiraleko pintxo-potera geroz eta jende gehiago etortzen da…
Zer du berezia auzo honek?
M.Z.: Bi herriak hartzen ditu eta guk bi udalekin lan egin behar dugu. Auzoak badu bere xarma.
Gainera, festek tradizio handia dute.
A.G.: Oso festa parte hartzaileak dira. Auzoko jendeak parte hartzea da egitarauko ekitaldien helburua. Gainera, bi herrietako gainontzeko auzoetako jendea eta inguruko herrietakoa ere etortzen da. Batez ere, larunbatean.
Gogorra al da festak antolatzea?
M.Z.: Lan asko egin behar da. Proposamenak jasotzeko eta proposamen hauek aurrera ateratzeko jende askorekin hitz egin behar da. Jaietan, goizetik gauera arte lan egiten dugu. Talde txikitan lan egiten dugu eta bakoitzak bere zeregina du.
Hilabete asko ematen al dituzue lanean?
A.G.: Lehen bilerak Gabonetan egiten ditugu, ideiak jasotzeko eta kontzertuetako taldeak lotzeko. Ondoren, hilero bilera pare bat egiten dugu. Maiatza eta ekaina oso potenteak izaten dira. Festetako aste bukaerarako dena ondo lotuta edukitzen saiatzen gara, dena ondo atera dadin eta guk ere festez gozatzeko aukera izan dezagun. Jaietan lan asko egiten dugu, baina gaua aprobetxatzen eta goizetan ahalik eta lo gehien egiten saiatzen gara.
Zenbat lagun zaudete festa batzordean?
M.Z.: 30 bat gara. Gazteenek 20 urte dituzte eta beteranoenek 30 bat.
Zein da zuen ekitaldi kuttuna?
A.G.: Garai batean asto lasterketa zen ekitaldi ezagunena. Orain larunbatari indar handia ematen saiatzen gara. Horretarako, bazkaria eta jolasak antolatzen ditugu. Larunbat arratsaldeko eta gaueko giroa berezia dela esango nuke.
Gogorra izan al da festak bertan behera utzi behar izatea?
M.Z.: Bai. Egungo egoeran egin daitezkeen ekitaldiak egiteko asmoa genuen, baina udalek ezer ez antolatzeko eskatu ziguten. Pena ematen digu, noski. Asteburu hau triste samarra izango da guretzat.
A.G.: Duela bi aste arte zerbait antolatzeko asmoa izan genuen, baina ezer ez antolatzeko eskatu ziguten, jendea elkartzeko arriskua dela eta.
Merkatariek eta ostalariek plaza eta beraien lokalak apaindu dituzte.
A.G.: Poztekoa da. Ez dugu ekitaldirik antolatu behar, baina asteburu berezia dela nabaritzea nahi dugu. Auzotarrek balkoietan banderak ipintzea eta kalera lepoko zapiarekin irtetea nahi dugu.