Idiazabalgo Udalak udalekuen gaurko jarduerak eten ditu, begirale batek positibo eman eta gero
Idiazabalgo udalekuetan begirale lanetan ari den baten positibo eman du PCR probetan. Gaurko jarduerak eten dituzte, eta udalekuen jarraipena ere kolokan dago.
Idiazabalgo Udalak oharra argitaratu du gaur, udaleku irekietan begirale lanetan dabilen baten PCR proban positibo eman eta gero. Gaurko egunerako prestatuta zeuden udalekuetako jarduerak bertan behera gelditu dira, eta udalekuen jarraipenaren inguruan, datozen egunetan hartuko dute erabakia.
Begirale horren taldean aritu diren haurrek eta gainontzeko begirale guztiek PCR proba egingo dute, gaur bertan. Emaitzak jaso hartu etxean egon beharko dute. Osasun Saileko arduradunek Udalari adierazi diote begiraleak haurrekin izan duen harreman mota “kontaktu ez zuzena” dela. Beraz, hartuko diren neurriak prebentziozkoak dira eta arrisku maila baxua da, osasun arduradunen arabera.
Ordiziako COVID-19 agerraldiarekin harremana izan zuten eta udalekuetan parte hartzen zuten begirale guztiek PCR froga egin zuten astelehenean eta emaitzak negatiboak izan ziren kasu guztietan. Ordiziakoak ziren begiraleen gertuko kasu gehiago agertzean, jardueretan parte ez hartzeko eskatu zien Idiazabalgo Udalak. Egunotan bigarren froga bat egin zaie, eta horretan agertu da begiraleetako baten emaitza positiboa.
Udalak lasaitasun mezua eman nahi die familiei eta herritar guztiei, eta udalekuetan, antolatzaile eta parte hartzaileek “protokolo guztiak” bete dituztela ziurtatu du. “Talde txikiak antolatu dira, espazioak ez dira elkarbanatu, musukoen erabilera derrigorrezkoa izan da eta garbiketa neurri zorrotzak hartu dira”.
Gaurko PCR proben emaitzak jasotzen dituzten heinean, “erabaki eta neurri berriak” hartuko dituzte, eta Idiazabalgo Udalaren eta Xapobixi Aisialdi Elkartearen ohiko bideetatik komunikatuko zaizkie herritarrei.