Katxalin elkarteko kideen oparia jaso du eguneko zentroak
Legazpiko eguneko zentroko erabiltzaileek, Katxalin elkarteak eskainitako opari sorta jaso dute.
Legazpiko eguneko zentroko erabiltzaileek opari sorta jaso zuten atzo eguerdian Bergarako eta Zumarragako Katxalin elkarteko kideen eskutik: egunero erabiltzen dituzten tresnak eta etxetik ekartzen dituzten gauzak gordetzeko telazko poltsak eta motxilak.
Eguneko zentroko erabiltzaileen objektu pertsonalen kudeaketan koronabirusaren osasun krisiak ekarri dituen aldaketei irtenbidea ematera dator Katxalinen opari hau. Bularreko eta ginekologiako minbizia jasan duten emakumeak biltzen dituen elkarte horren jardueretako bat joskintza denez, Legazpiko Udaleko gizarte zerbitzuek eguneko zentroko erabiltzaileentzako poltsak eta motxilak egiteko eskatu zieten. Eskaera onartu, eta Legazpiko zentroko 24 erabiltzaileentzako motxila eta poltsa bana egin dituzte.
Gizarte Zentroko Beatriz Gelbentzuk eta Amaia Olariagak jaso zituzten «opari handi horiek» erabiltzaile guztien izenean, eta Katxalineko ordezkari Maite Valleri eskerrak eman zioten.
Horrelako kolaborazioekin jarraitzeko borondatea agertu zuen Vallek, eta legazpiarrei gogorarazi zien elkarteak egoitza Bergaran duen arren, beraientzat ere ateak irekita dituela.