Bide berdean, lore eta landareak biltzen
Clara Gutierrez biologo eta etnobotanikoari esker bidean aurki daitezkeen lore eta landareak identifikatzen ikasi dute partaideek.
Zumalakarregi museoak antolatutako XI. Mutiloa-Ormaiztegi Bide Berdearen egunean hogeitik gorako lagunek parte hartu dute gaur goiz-eguerdian. 09:30an elkartu dira Liernian, eta Clara Gutierrez biologo eta etnobotanikoari esker bidean aurki daitezkeen lore eta landareak identifikatzen ikasi dute partaideek. Troi bidetik barrena Mutiloara jaitsi dira, eta bidean bildutako landare jangarri eta sendabelarrekin otordua egin dute gero Txerrigorri elkartean.
Eider Arruti Zumalakarregi museoko komunikazio arduradunak zehaztu duenez, maiatza da Bide Berdearen eguna antolatzeko garaia, baina jakinak diren arrazoiengatik, uztailera atzeratu behar izan dute. Musukoa jantzia eta partaide kopuruaren aldetik muga jarrita –itxaron zerrenda izan dute– antolatu behar izan dute aurtengoa.
Uztaua, osina edo asuna, plantaina edo zain-belarra (llantena), mihilua (hinojo, gazteleraz), malba, txikori belarra eta basoko oreganoa dira, besteak beste, bidean jaso dituzten lore eta landareak. Gutierrezek azalpen zehatz eta argiak ematen ditu askorentzat oharkabean geratzen diren landareen inguruan.