EH Bildu izan da garaile Goierrin eta EAJ 1.200 boto beheratu da
Parte-hartzea eta errolda murriztu arren, EH Bilduk 500 boto igotzea lortu du, eta 16 herritan bozkatuena izan da. EAJk herri nagusietako batzuetan irabazi du, bototan jaitsi arren. PSE-EE ere jaitsi da; Podemos eta PP, hondoratu.
Koronabirusaren hauteskundeetan, maskara kenduta erretratatu dituzte Goierriko hautetsontziek alderdi politikoak, Eusko Legebiltzarrerako igandeko hauteskundeetan. Inoizko parte-hartze murritzena izan dute bozek: abstentzioa %42,35ekoa izan da, duela lau urte baino 7 puntu pasa altuagoa. Uda betea izateak eta COVID-19aren izurritearen ernaldi bat jasateak eragin dute.
Boto zenbaketak hainbat irauli ekarri ditu Goierrira. EH Bilduk irabazi du eskualdean, eta, joera orokorrarekin bat eginda, goraldi aipagarria izan du: 12.036 boto. 2016ko udazkeneko emaitzarekin alderatuta, 530 papertxo gehiago batu ditu (%4,6ko igoera). Igo den alderdi bakarra izan da Goierrin, baita 12.000 botoko muga gainditu duen bakarra ere.
Bailarako 22 hautes barrutitatik Ezkiok eta Itsasok bat osatu dute oraingoan ere, 16tan indar bozkatuena izan da EH Bildu. Legazpin irabazle izan da, EAJ bigarrenari ia ehun botoren aldea aterata. Zumarragan bigarren indar gisa kokatu da, EAJren atzetik (2016an ere alderdi jeltzaleak irabazi zuen) eta hirugarren tokira jausi den PSE-EEri aurrea hartuta.
Begirada mediatiko handia erakarri duen Ordizian ere aise irabazi du EH Bilduk, EAJri ia 500 botoko diferentzia aterata. 2016tik, 230 sustengu gehiago irabazi ditu EH Bilduk, eta 356 gutxiago EAJk.
Lazkaon, bestetik, 240 botoren aldea atera dio EH Bildu bozkatuenak EAJ bigarrenari. Zenbaketa ofiziala bideratzean egindako akats bat tarteko, gaizki eman du Segurtasun Sailak Lazkaoko EH Bilduren datua: 1.138 boto lortu ditu, adierazi direnak baino 200 gehiago.
Gipuzkoan, EH Bilduk 9 kide atera ditu, eta Eusko Legebiltzarrean, 22 zizeilurekin, inoizko ordezkaritza handiena izango du hurrengo lau urtekoan. Ganbera berrian izango den goierritar bakarra, Eraitz Saez de Egilaz, alderdi horrek lortu du.
EAJk %10eko galera
Gipuzkoan hauteskundeak irabazi eta legebiltzarkide gehien (10) atera dituen EAJk behera egin du Goierrin. Bigarren lekuan geratu da, 11.298 boto jasota. Duela lau urtetik 1.200 boto galdu ditu (%9,8ko jaitsiera), eta 2012tik 1.343. Abstentzioaren hazkuntza gehien sumatu duena izan da.
Beasaingo boto-harrobiari aise eutsi dio EAJk, baina 200 papertxo galduta. EH Bilduk ere ez du han lortu igoera orokorraren adinako gorakadarik, zertxobait (46 boto) hobetu arren.
Alderdi jeltzaleak Urretxun izan du bototan Goierriko igoera bakarretakoa (23 gehiago), duela lau urtetik. Zumarragan, nahiz eta lehen postua mantendu, ehun boto beheratu da EAJ; Legazpi, ia 200.
Eskualdeko sei udalerritan izan da Urkullu lehendakarigaiaren alderdia bozkatuena: Beasainen, Urretxun, Zumarragan, Idiazabalen, Olaberrian eta Ormaiztegin; azken horretan, bi botoren aldea soilik atera du EH Bildurekiko.
PSE-EEk ezin balaztatu
Portzentualki alderdi jeltzalearen paretsu galdu duena PSE-EE izan da. Duela lau urteko minimo historikoak geratzerik ez du lortu aurten Goierrin. Nahiz eta hirugarren lekua berreskuratu duen Elkarrekin Podemosen pentzura, 3.038 boto batu ditu guztira eskualdean.
2016ko deialditik %8,3 egin du behera alderdi sozialistak, 275 boto galduta. Are nabarmenagoa da azken zortzi urteetako gainbehera. Ia erdira murriztu da PSE-EE Goierrin, 5.724 boto bildu baitzituen 2012ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan.
Gipuzkoan ez du lortu udalerri bakar batean irabazterik, eta EAEn Ermuan (Bizkaia) soilik. Hala eta gutziz, 10 legebiltzarkide ditu (orain arte baino bat gehiago), eta EAJren 31ekin gehiengo osoa eta gobernua osatzeko bidea eskuerara du.
Gainontzeko jokalekuan bezala Goierrin ere benetako galera jasan dutenak Elkarrekin Podemos eta PP-Ciudadanos izan dira. Biek %58nako giharre-galtzea sufritu dute eskualdean. Zegamar jatorriko Miren Gorrotxategiren alderdiak 1.765 botorekin geratu da, duela lau urte, lehenengo parte-hartzean, 4.204 lortu zituenean.
Eskuin espainiarraren PP-Ciudadanos baturak, berriz, lehen bakoitzak bere aldetik baino emaitza kaxkarragoak atera dituzte: 676 botorekin (2016an bien artean 1.617, 2012an PPK 1.572), anekdotiko bihurtu dira haien emaitzak. Vox ultraeskuindar espainiarrak, berriz, Goierri guztian 170 boto inguratu ditu, horietatik 46 Zumarragan, 30 Beasainen, 24 Ordizian eta 23 Legazpin. Hamalau herritan urratu du botoren bat.
Azken horien aldean, Equo Berdeak taldeak emaitza askoz txukunagoa atera du bailaran: 256 boto. 2011n sortu zuten alderdi ekologista, eta duela lau urte Podemosen barruan joan zen. Eusko Legebiltzarrerako ez dute ordezkaritzarik lortu.