Emaitzen balorazioa, Goierriko hautagaien eskutik
Hauteskundeetan denak irabazle atera ohi direla esan ohi da. Baina emaitzak gazi-gozoak izan dira, alderdi bakoitzaren arabera. Goierriko hautagaiek igandeko emaitzen balorazioa egin dute.
«Polita da gaztea izanda herritarrak ordezkatzeko aukera izatea»
Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu)
EH Bilduren emaitzak «positiboak» izan dira Eraitz Saez de Egilaz hautetsiarentzat. «Bigarren alderdia izatea lortu dugu eta egoera zaila izan arren jendeak konpromiso handia erakutsi du gurekin». Parte hartze baxuari aipamena ere egin dio, bere ustez abstentzio altuarekin frogatuta gelditu delako hauteskundeak tokiz kanpo zeudela. Gainera, emaitzak baldintzatu egin dituela dio. Kontuak kontu, EH Bilduk boto gehiago jaso ditu eta hori harro egotekoa dela azpimarratu du. Legebiltzarkide gazteena izango da: «Espero genuen», aitortu du. «Polita da gaztea izan arren herritarrak ordezkatzeko aukera izatea».
«Helburua bete dugu: lurralde bakoitzean hautetsi bat gehiago»
«Baikor» agertu da Aldasoro, eta emaitzak «positiboak» izan direla azpimarratu du. «Lurralde bakoitzean hautetsi bat gehiago lortu dugu eta helburua bete dugu», aipatu du. «Zaldibarko auzia, pandemia baten ostean… uste dut inork ez lukeela nahiko hauteskundeak halako egoera baten erdian egitea, baina hala tokatu da. Eta EAJ indartuta irten da». Aldasoro hautetsia izateko zorian geratu da, hamar eserleku lortu baitituzte eta bera hamaikagarrena zen. «Ni egon edo ez gutxienekoa da. Ikuspegi orokorragoa behar da. Kalkuluen arabera bagenekien hamar eserlekuren bueltan ibiliko ginela, eta lortu dugu».
«Euskal ezker ez abertzalearen lidergoa berreskuratu dugu»
«Tamalez», abstentzioa oso altua izan dela dio Valbuenak, baina Euskadi mailan, PSE-EEk ia bi puntu igo dituela eta aulki bat gehiago lortu duela, hamar legebiltzarkieetara iristeraino. «Euskal ezker ez abertzalearen lidergoa berreskuratu dugu». Hemendik aurrera, zerbitzu publikoak, ekonomia eta enplegua indartzen saiatuko dira, «jendearen arazoei aurre egiten lagunduz». «Irtenbide justua eraikitzeko, erakundeen artean kolaboratzeko, Euskadiren berreraikuntzan inplikatzeko eta elkarbizitza sendotzeko izango dira gure eskerlekuak. Eta EAJren saiakaera subiranisten aurrean adi egongo gara».
«Autokritika eta azterketa sakona egiteko unea dela uste dut»
Mila Sukia (Elkarrekin Podemos)
Emaitzak «oso txarrak», izan dira Elkarrekin Podemoseko Mila Sukiaren lehen hitzak. «Boto asko galdu ditugu eta bost parlamentari gutxiago izango ditugu, beraz, autokritika eta azterketa sakona egiteko unea da». Euskadi mailan, «Elkarrekin Podemosen barruan izan diren aldaketek eta planteamenduak sustatzeko denbora gutxi izateak, boto galeran arrazoietako batzuk» izan daitezkeela uste du Sukiak. Abstentzio «altuari» ere erreparatu dio, eta garbi du «hauteskundeak egiteko une ona ez» zela. «Emaitza txarrak izanda ere, aurrera begira, lanean jarraituko dugu».
«Ez dut ulertzen zergatik ez dugun boto gehiago lortzen»
«Emaitzak oso txarrak izan dira». Alderdiko buruek horrelako zerbait espero zutela esan arren, Pereirak «dezepzioa» izan du. «Ez dut gizartea ulertzen. EH Bildu bigarren gelditzea, EAJk Zaldibarren jazotakoa eta gero hauteskundeak irabaztea… Lehendakariak oso gutxi egin du bi gorpuak aurkitzeko. Beste alderdi batek hori egin izan balu…». Ez du ulertzen zergatik ez duten boto gehiago lortzen, «Euskal Herrian lasaiago bizi ahal izateko lan handia egin baitugu. Beharbada, Ciudadanosekin elkartu izanak kalte egin digu». Voxek legebiltzarkide bat lortzeak poztu egin du Pereira.
«Ez dugu lortu Europa zeharkatzen ari den olatu berdea Euskadira iristea»
Alberto Bezunartea (Equo Berdeak)
Botoa Equori eman dioten 12.000 herritarrei eskerrak eman nahi dizkie Bezunarteak, eta abstentzioa nabarmendu du. Emaitzei dagokienez, «sentsazio gazi-gozoa» aipatu du. «Bakarrik aurkezteak ilusioa piztu zigun eta espero genuen Legebiltzarrera iristea», baina «tamalez, ez dugu lortu Europa zeharkatzen ari den olatu berdea Euskadira iristea». Kanpainan desabantailak izan dituztela ere salatu du, «komunikabideetan oso presentzia txikia izan dugu». Equok lanean jarraituko duela esan du azkenik, udaletxeetan eta Diputatuen Kongresuan.