Ekaitzaren osteko barealdia
Ordiziako COVID-19 kasuen agerraldiaren ondoren, maskaren erabilera asko zabaldu da Goierriko beste herri batzuetan ere. Lehen egunetako ekaitza pasata, ordiziarrak ari dira pixkana normaltasunera bueltatzen. Herrian erosketak egitea "segurua" dela diote merkatariek.
Iragan asteko ekaitzaren ostean, nolabaiteko normaltasuna nabaritzen hasi da Ordiziako kaleetan, egunetik egunera, herritarren joan-etorria goruntz ari da. Nekane Murga Osasun Sailburuak emandako azken datuen arabera «75 dira Ordiziako fokuarekin lotuta dauden COVID-19 kasu positiboak», atzo baino bat gehiago. Hala ere, nabarmendu du «baretzen» ari dela. Arnas pixka bat hartzeko bai, baina oraindik ez da guztiz erlaxatzeko unea, eta kalean ere atzematen da hori, maskaren presentziak nabarmen egin baitu gora, ez Ordizian bakarrik, non derrigorrezkoa den jantzita eramatea, baita inguruko beste hainbat herrietan ere. Sentsazioak jasotzeko herritarrengana gerturatu da GOIERRIKO HITZA.
Urretxun eta Zumarragan, ez da derrigorrezkoa maskararen erabilpena, baina pasa den astetik hona, herritar gehiago dira jantzita daramatenak. «Egunero jaisten naiz herrira, eta nabari dut, jende gehiagok daramala maskara jantzita», hala kontatu du Maite Ausinek. Berak ere maskara jantzita du: «Ordiziako agerraldia baino lehen, erosketak egiteko janzten nuen, baina orain, kalean gehiagotan erabiltzen dut, ez baitut nahi atzerapausorik ematea, guztiok jarri behar dugu gure aldetik». Ausinek esandakoaren bidetik ere Maria Jesus Elgarrestak. Prentsa saltzeko kioskoa du Piedad kalean, Zumarragako merkataritza eta ostalaritza guneetako batean. «Azken egunetan nabari da Ordiziatik iritsi diren albisteek eragina izan dutela jendearengan».
Beasaingo kaleetatik buelta bat eman eta han ere nabaria da. Atzo, asteartea izanda, azoka eguna zen Beasainen eta jende asko zebilen kalean. Guztiek ez baina ia herritarren erdiak maskara jantzita zeramaten. Andrea Murua, Altzagan bizi da, ama eta ahizparekin erosketa batzuk egitera gerturatu zen atzoko egunez Beasainera: «Aurreko asteetan kalean ez zen maskara zeraman jenderik ikusten baina gaur bai, jende dezente ikusi dugu. Guk ere jantzita daramagu, kotxetik jaitsi eta segituan jantzi dugu».
Ordiziako COVID-19aren agerraldia dela eta, Beasaingo Udalak hainbat neurri hartu ditu. Ostalaritza establezimenduei eta gazte lokalei eragiten diete neurriok. Eneko Olaizola beasaindarra da eta gazte lokala du lagunekin. «Aforoa murriztu dute eta baita ordutegia ere, gaur adibidez, 23:00ak arte egon gaitezke lokalean». Udalak hartutako neurriarekin ez dago oso ados, iritzi du «ordutegiarenak logika gehiegirik ez» duela, «egun osoan zehar hantxe egon gaitezke, baina 23:00etatik aurrera ez? Ordu horretatik aurrera kutsatuko gara bakarrik?».
Ordizian ere jaso ditu GOIERRIKO HITZAK hainbat herritarren erreakzioak. Txemi Arteaga, Nahikari goxoki dendako arduraduna da. Etxezarreta kalean du negozioa, COVID-19aren fokua kokatu duten kalean. «Egun gogorrak» izan zirela onartu du, «kaleetan jende gutxi eta komertzio eta tabernetan beherakada nabaritu» zela. Uste du «COVID-19aren fokuak bakarrik ez, komunikabideek haien fokuak Ordiziara zuzentzeak eragin handia izan» duela, «izugarria izan zen, gehiegizkoa eta gizartean beldurra sortu» zutela, «herriaren martxan eta irudian eragin negatiboa izan» du. Kritika Ordiziako fokua «handitu» zuten komunikabideentzat, eta hitz onak Adur Ezenarro alkatearentzat gorde ditu: «Zaparrada ederki kudeatu du, lasaitasuna transmititu du, zoriontzekoa da».
Aitor Velazquez, Ordizian merkataritza eta ostalaritza elkarteko teknikaria da. «Deseskalada faseak hasi eta horrekin batera, herriko merkataritza sustatzeko bonuen kanpainak erantzun positiboa izan zuen, bazirudien berreskuratzen ari zela martxa, baina pasa den astekoa, kolpea izan zen establezimendu guztientzat, eta hala helarazi ziguten». Aste honetako norabidearekin berriz, «positiboago» dago: «Pasa den astean eman zen irudiaren kontra, normaltasuna berreskuratzen ari da kaleetan». Dendariak eta ostalariak, «segurtasun neurri guztiak hartuta ari dira lanean, beraz, Ordizian erosketak egin edo taberna batean kontsumitzea, segurua da». Gaineratu du, ostalariekin bilduko dela gaur udala, egoera aztertu eta erabakiak hartzeko.
Normaltasuna berreskuratzen ari direnaren seinale da hartutako neurriak pixkana malgutzen ari dela Ordiziako Udala. Batetik, gaur, azoka egingo dute. Arropa saltzaileak ez dira egongo baina gainontzeko postuak bai. Neurri bereziak hartuta egingo dute lan. Bestalde, udal liburutegia datorren astelehenetik, uztailak 20, irekita egongo da, maileguak egiteko. Ostegunera arte egongo da irekita, 09:00etatik 13:00etara eta astearte eta asteazkenean, arratsaldez ere irekita egongo da 17:00etatik 19:00etara. Informazio gehiagorako idatzi liburutegia@ordizia.eus epostara edo deitu 943 80 56 35 telefono zenbakira.
Legazpiko gizarte zentroa
Legazpiko Gizarte Zentroan astelehenetik martxan daude jarduera guztiak, betiere, segurtasun neurri guztiak hartuta eta gainera, COVID-19aren hedapenaren aurkako kontingentzia plana egin dute, jardueretan parte hartzen duten pertsonek berme guztiak izan ditzaten. Mantentze-gimnasia, yoga, eskulanak, marrazketa eta pintura eta informatika ikastaroa, beraz, martxan daude. Kafetegia zabalik dago, 17:00etatik 20:00etara. Bestalde, jakinarazi dute, abuztuan itxita egongo dela gizarte zentroa, urtero bezala.