Herri kirolariek udako plazak galdu dituzte festarik ez delako egongo
Geldialdiak kalte ekonomikoak eragingo dizkie. Herri kirolariak kezkatuta daude epe luzera ondorioak izango ote dituen, baina lehiari ekiteko ilusioz daude
Uda honetan ez da festarik egongo eta, ondorioz, herri kirol erakustaldi askorik ere ez. «30 erakustaldi egin ditzaket uda garaian, baina aurten zeron gelditu naiz», aitortu du Xabier Zaldua aizkolariak. Xabier Aranburu, Guzta harri-jasotzaileak ere «oso beltz» ikusten du uda. Idiazabaldarrak hamabost erakustaldi inguru egiten ditu uda sasoian eta aurten bat ere ez duela egingo aurreikusten du.
«Herri kirolen egoera lehendik ere ez da xamurra eta geldialdi hau traba bat gehiago da. Guzti honek jendea atzera bota dezake», ohartarazi du Zalduak. Udako erakustaldietan lortzen duten dirua gastuak kubritzeko erabiltzen dute, eta diru iturri hori gabe, askok ezingo dute entrenamenduen gastua bere gain hartu. «Zertarako entrenatu?», galdetu du Guztak. «Helburu argirik gabe entrenatzeko moti- bazioa galdu egiten da», erantzun dio bere buruari.
Euskadiko Aizkora Federazioak, arrazoi ekonomikoak argudiatuta, udazkeneko txapelketa guztiak bertan behera utzi ditu. Harri jasotze federazioak ere asmo berdinak dituela aipatu du Guztak. Halere, herri kirolariak euren kabuz hasi dira antolatzen: «Pentatloia egiteko lanean gabiltza. Banaka eta baita binaka ere», aitortu du Zalduak. «Herri kirolek merezi dute saiatzea, gutxienez», gaineratu du. Horretarako, protokolo zehatza landu dute eta mila ikuslerentzako tokia egotea aurreikusten dute. Protokoloa udan izango dira saio apurretan probatuko dute, udazkeneko lehiaketetarako dena prest egon dadin.
Sega liga igandean hasiko da
Protokoloak, ordea, ez dira disziplina guztietara ongi egokitzen. «Distantziaz eta musukoaz gain, ikusleak eserita egon behar du. Larre naturaletan lehiatzen gara eta ez da harmailarik jartzeko aukera handirik egoten», nabarmendu du Migel Mari Jauregi, Altzok. «Gainera, ikuslea segalariarekin batera mugitu egiten da hurbiletik ikusteko».
Segak zorrozten hasiak dira. Tira, «jendeak segan beti jarraitu du, baserri inguruetako belarrak mozten», azpimarratu du Altzok. «Igandean lehiari ekingo diote», osatu du. Sega ligako lehen proba proba jokatuko dute Usurbilen eta, hilaren 26an, Zaldibian, bigarrena. Nafarroako proba bertan behera gelditu da. 20 bat segalarik hartuko dute parte, hamalau urtetik gorakoak. «Animoso gaude, hasteko gogoz. Argi dugu nola edo hala hasi egin behar garela, ondorioak larriagoa izan ez daitezen». Era berean, Almitza sega elkarteko kideak irailean Alemania hegoaldera joatekoak dira, bertako erakustaldi batean parte hartzera. Urtero egiten dute Europa erdialdera bidaiaren bat eta aurtengoan, egoerak uzten badu, hala egingo dute. Aldiz, Europako txapelketak bertan behera gelditu dira.
Almitza elkartean gaztetxoenei segan erakusten diete. «Sega nola heldu erakusteko eta teknika ongi bereganatzeko heldu baten laguntzarekin ikasten dute segan. Elkarren arteko kontaktua egoten da, eta baliteke guraso batzuk izutzea nahiz eta segurtasun neurri guztiak hartu», abisatu du Altzok. «Segan ez da jende askorik ibiltzen eta belaunaldi oso bat galtzen badugu, azkena izan liteke», ohartarazi du. Altzok dio gazteak ilusio handiarekin joaten direla segara, eta etorkizunean ere hala izatea espero du.
Lehen herri kirol probetan ez dago goierritarrik
Larunbatean egingo dute herri kiroletako lehen apustua. Peñagarikanok eta Aizperrok ehun kiloko bolari 35 jasoaldi eman beharko dizkiote, sei kanaerdiko ebaki eta 4,5 kilometro korrikan. Jokoan 6.000 euro egongo dira.
Igandean, berriz, herri kirolen eguna antolatu dute Usurbilen, goiz eta arrats. 10:00etan segalariak ariko dira; 12:00etan, Gipuzkoako Harri Txikitako Txapelketa jokatuko dute eta, 18:00etan, giza proban giza proba eta idi demak izango dira. Sarrerak usurbildarren artean banatu dituzte eta ezingo da ikustera joan.