Kontalari apartarentzat azkeneko kontakizuna
Joxe Arratibel Zurutuza ataundar idazleari eskaini diote 'Bidegileak' bildumako azken lau biografietako bat. Etetera doa jaurlaritzak 1987an hasitako sorta. Herrian jasotako ipuinak idazteari eman zitzaion.
Liburuxkari Miel Anjel Elustondo kazetariak jarri dion izenburuak adierazten du nor izan zen Joxe Arratibel Zurutuza (Ataun, 1923 Estibaliz, Araba, 2011). «Kontalari aparta, ahozkotasunaren gordailu paregabea». Idazle ataundarraren biografia Bidegileak bildumako liburuxka bihurtu eta argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Agur kutsuko argitalpenak dira azkeneko laurak; 1987an sortua, Bidegileak sorta eten egingo dute, 272 euskaltzaleren eta talderen ibilbideak eta ekarpenak argitaratu ondoren. Jaurlaritzaren webgunean daude denak ikusgai eta deskargatzeko (euskadi.eus).
Joxe Arratibelen biografiarekin batera Miren Jone Azurtza Elixabete Garmendia kazetari ormaiztegiarrak idatzia, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Xole Erbili ere atera dituzte hondarreko ekinaldian.
Hamar urte beteko dira urtarrilean Arratibel hil zela. Ergoeneko Sariarte baserrian jaioa, 17 urterekin Lazkaoko Beneditarren komentuan sartu eta 27rekin apaiztu zen. 1956tik aurrera Venezuelan hiru urte egin, Lazkaora itzuli, eta 1964tik 2011ko urtarrilaren 25ean hil arte Estibalitzen (Araba) bizi izan zen. Gerora herri ipuin eta kontakizun bilduma aparta osatuko zuen langintza, idaztearena, 1974an hasi zuen.
Estibalizko abadiako nagusi zen Isidro Baztarrika atxilotu egin zuten, Euskal Herriaren eskubideen aldeko pastoral bat irakurtzeagatik. Bigarren Arratibel zegoen hierarkian, eta hark hartu zuen monasterioaren ardura. Une gordin haietan, luma izan zuen ihesbide: «Nik uste estuasun hartan idatzi nituela kontuak, estuasun larri hartatik eskapatzeko. Huraxe benetako estresa, kontu zaharrak idatzita nire burutik kendu nuena», kontatu zion Joxe Arratibelek Elustondo biografoari.
Txikitan entzunda bezala
Ataunen entzundako eta jasotako kontakizunak papereratu zituen Arratibelek. Txikitan etxean entzundakoak, oso-osorik idatzi zituen 50 urte geroago. Joxe Mari San Sebastian apaizak bultzatu zuen gehiago idaztera. Ahozko tradiziokoak dira, eskuarki, eta papereratu izan ez balitu, asko transmisioaren etenak itzaliko zituenak.
Kontu zarrak liburuan (La Gran Enciclopedia Vasca) jaso eta argitaratu zituen lehenak, 1980an. Elustondok bigarren edizioa 1995ean prestatu zuen, kontaera batura ekarrita eta Arratibelen elkarrizketa bat txertatuta. Hark lagunduta, ipuin batzuk haurrentzat egokituta atera zituen, baita ere.
Supazterreko behinolako ipuinekin lan gehiago ondu zituen: Erramun eta Mirentxu (Erein, 1992), Sorginaren urrezko maindirea (Erein, 1999) eta, azkena, Izugarriak (Pamiela, 2008), aurkezten Ataunen izan zena.
Ahozko euskal literaturaren eta Goierriko tradizioaren azkenetariko gordailua izan zen Arratibel. «Desagertzeko zorian dagoen kontalarien espezieko kide miresgarria izan zen», aitortu du Elustondok Bidegileak bildumakoen aurkezpenean.